Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Gorrotxategi: "Elkarrekin Podemos-IU hezkuntza akordioan egonda, segregazioaren kontrako ituna gauzatuko da"
Ezkerreko koalizioaren bozeramailea oso kritiko azaldu da Legebiltzarreko lantaldean aurkeztutako zirriborroarekin, "testu deklaratibo hutsa" dela uste du eta. "Akordiorako bidea ez da hasi", ohartarazi du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU (EP-I) taldeko bozeramaileak nabarmendu duenez, ezkerreko koalizioa hezkuntzari buruzko akordioan egon nahiko luke, "eskola publikoa bermatuta egon eta segregazioaren kontrako ituna gauzatuko" litzatekeelako. Dena dela, ohartarazi duenez, "akordiorako bidea ez da hasi".
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izan da goizean EP-Iko legebiltzarkidea, eta Gasteizko ganberan negoziatzen ari diren hezkuntza legearen negoziazioaz mintzatu da. Haren iritzian, lantaldeko presidenteak aurkeztu duen zirriborroa "testu deklaratibo hutsa da, anbiguetate handikoa, ez du neurrik zehatzik jasotzen. Hori ez da hitzarmen bat, deklarazio bat baino ez da". Ildo beretik honakoa bota du: "Herri akordio bat dagoela esateko derrigorrezkoa da testu deklaratiboagaz gain, gauza konkretuak eta programatikoak jasotzea".
Gorrotxategik esan du etorkizunean, egoera demografikoari erreparatuta ikasgelak itxi beharko direnean eta eremu batean eskola publikoa nahikoa denean, itxi beharrekoak itunpekoak izan beharko liratekeela.
Euskarak hezkuntza sisteman eduki beharko lukeen presentziaz galdetuta, Elkarrekin Podemos IUko bozeramaileak onartu du euskara jakitea eskubidea dela baina hori lortzeko modua dela gakoa. "Lekuaren arabera egin beharko da, egoera soziolinguistikoari begiratuta, malgutasuna eduki beharko da (...) Eremu ez hain ez euskaldun batean hasieran ahalbideratu beharko da neurri batean ama hizkuntza (gaztelera), baina gero euskarari bide emanez, prozesu bat bilakatu behar da", azaldu du.