Politika -
Ukrainako gerra
Espainiak 1.370 granada jaurtigailu, 700.000 kartutxo eta metrailadoreak bidaliko ditu Ukrainara
Espainiako Gobernuak Ukrainara zer-nolako armak eta zenbat bidaliko dituen zehaztu du Margarita Robles Defentsa ministroak.
AGENTZIAK | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Espainiak Ukrainara armak bidaliko dituela iragarri eta ordu gutxira, Margarita Robles Defentsa ministroak zer-nolako armak eta zenbat bidaliko dituen zehaztu du. Espainiak bi hegazkin igorriko ditu ostiralean, material militarrez betetako lehen kargamentuarekin: 1.370 granada-jaurtigailu, 700.000 kartutxo fusilentzat eta metrailadoreentzat, eta metrailadore arinak.
Bart Antena 3 telebista-kateari eskainitako elkarrizketa batean Margarita Robles Defentsa ministroak azaldu zuenez, lehen bidalketa Poloniara egingo dute, Ukrainako mugatik oso gertu dagoen toki batera.
Margarita Roblesen arabera, oso material garrantzitsua da herritarrei euren burua babesteko aukera ematen dielako, baita armamentua erabiltzen ez dakitenei ere.
Hasiera batean hartutako erabakia aldatu egin du Espainiako Gobernuak. Ildo horretan, Ukrainako egoera "egunetik egunera" aldatzen ari dela argudiatuta, Gobernuaren erabakia babestu du Defentsa ministroak.