Politika -
Bilera Ajuria Enean
Urkulluk eta Anduezak Eusko Jaurlaritzaren "osasun ona" egiaztatu dute
Legebiltzarrean izapidetzen ari diren proiektu "oso garrantzitsuak" birpasatu dituzte lehendakariak eta PSE-EEko idazkari nagusiak, eta Ukrainako egoeraren aurrean kezkatuta agertu dira.
Agentziak | EiTB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzaren "osasun ona" egiaztatu dute astearte honetan, baita Exekutiboko bi bazkideen arteko "adostasun maila handia" ere.
Gainera, Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari diren proiektu "oso garrantzitsuak" birpasatu dituzte, Hezkuntza Legea esaterako; izan ere, ekarpenak egiteko epea ostiralean amaitzen da.
Ordubete baino gehiagoko batzar "adeitsu eta positiboa" egin dute Urkulluk eta Anduezak Gasteizen, Ajuria Enea jauregian, Euskadiko egoera politiko eta instituzionala aztertzeko, eta Ukrainaren egoeraren aurrean kezkatuta agertu dira.
Jaurlaritzako iturrien arabera, EAEko sozialisten buru izendatu zutenetik egitekoak ziren bilera, eta azken sei urteetan erakundeetan elkarlanean ari diren bi alderdien arteko harreman instituzionala nabarmendu dute.
Gobernu programaren eta 2021eko helburuen inguruko gogoeta egin dute hitzorduan.
Programa legegileak aparteko garrantzia izan du bileran, proiektu "oso garrantzitsuak" izapidetzen ari direlako; diru-sarrerak bermatzeko errentaren erreforma, berdintasun eta indarkeria matxistaren aurkako araudia (ostegunean bozkatuko dute) eta Hezkuntza edo Gazteria legeak, besteak beste.