Politika -
Krisia PP-n
Feijook gaur iragarriko du PPko presidente izateko aurkeztuko den
Galiziako PPko eta Xuntako presidenteak Galiziako PPko Zuzendaritza Batzordea deitu du gaurko, bere erabakiaren berri emateko. "Ikusiko dugu nola lagundu dezakegun eta egoerarekin konprometi gaitezkeen", esan du azken orduetan.
Mikel Dominguez | EITB Media
Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako eta bertako PPko presidenteak gaur iragarriko du Espainiako PPko presidente izateko bere hautagaitza aurkeztuko duen, Galiziako PPko Zuzendaritza Batzordearen ostean.
Gainera, Feijook PPrentzat proiektu bat duen edonor ezohiko kongresuan bere burua aurkeztera animatu du.
"Ikusiko dugu nola lagundu dezakegun Galiziatik", esan du azken orduetan. Asteazken honetan, espainiarrei zuzendutako hitzaldi bat eskainiko du Santiago de Compostelatik, bere erabakiaren berri emateko.
Feijooren arabera, PPren "momentu garrantzitsua" hasi da. "Afiliatuek hitz egingo dute", eta "argi, askatasunez, presiorik gabe eta asmatzeko helburu bakarrarekin" hitz egitea espero duela erantsi du.
"Hasi da ezohiko kongresua, eta presazkoa da egoera organikoak eskatzen zuelako. Egoera hau itxi egin behar dugu. Badakigu egin duguna ez dela onargarria", adierazi du Feijook, eta "egoera hori ez zuten ez militanteek ezta espainiarrek ere merezi", erantsi du.
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteari buruz, "Madrilgo PPren aktibo bat da zalantzarik gabe", nabarmendu du. "Ez dugu zalantzarik bere ohorearen inguruan", gehitu du.