Politika -
Nafarroa
UPNk Adanero eta Sayas kanporatu ditu bi urte eta erdiz
Era berean, alderdi barruan edo UPNren ordezkari gisa ezein kargu betetzeko aukera galarazi diete, bi urte eta sei hilabetez baita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuak alderditik kanporatu ditu UPNk bi urte eta erdiz. Berme eta Diziplina Batzordeak bi diputatuak militantziatik kanpo uzteko erabakia hartu du, lan erreformaren alde agertzeko UPNk hartutako erabakiari men egin ez ziotelako. Era berean, alderdi barruan edo UPNren ordezkari gisa ezein kargu betetzeko aukera galarazi diete bi urte eta sei hilabetez.
Horixe da aipatu Batzordeak gaur bertan emandako albistea, Garcia Adanerok eta Sayasek aurkeztutako alegazioak aztertu ostean. Zigorrak UPNren estatutuetan daude jasota, eta urratze larritzat jotzen dute gertatutakoa, alderdiak berak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Zigor honen aurka, baina, apelazio helegitea aurkezteko aukera dute orain bi diputatuek. Estatutuen 112. artikuluak dio, asteazken honetatik hasita, hamar eguneko epea dutela horretarako.
Berme eta Diziplina Batzordearen ebazpenaren arabera, Espainiako Gobernuaren lan erreforma babestea adostu zuten alderdikide guztiek, alegia, "negoziazioetan inork ez zuen kontrako jarrerarik erakutsi".
Javier Esparza alderdi erregionalistako presidenteak "UPN hautsi" nahi duela ziurtatu du Sayasek. "UPNtik kanporatzeko berme batzordearen erabakia jakinarazi berri digute. Javier Esparza UPN hausteko tematurik dago, eta lortzeko bidean da", adierazi du diputatuak sare sozialean.
Garcia Adanerok, alderdikideak iragarri bezala, ez du diputatu akta utziko. Alderdi erregionalistak "Gobernuko alternatiba izateari utzi dio", kritikatu duenez.
"UPNtik kanpo nahi gaituela bistakoa da, molestatzen dugulako, eta Sanchezen txanka izateko estrategia horretan, gu arazo bat ginen. Sanchezen makulu izateko estrategia berri horretan ez dugu parte hartuko", salatu du Garcia Adanerok.