Politika -

PRESOAK

Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua onartu die zortzi ETAko presori

Kasu guztietan beteak zituzten zigorren bi herenak eta onartua zuten eragindako mina, EITB Mediak jakin ahal izan duenez.

Zaballako espetxea. Argazkia: EITB Media
Zaballako espetxea. Argazkia: EITB Media
Jaurlaritzak ETAko 8 presori 3. gradua ematea onartu du

1:40

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur egun Zaballa, Martutene eta Basauriko kartzeletan dauden 85 presotatik zortzik bigarren gradutik hirugarrenera igarotzea lortu dute. Espetxeen eskumena bereganatu duenetik, Eusko Jaurlaritzak onartu dituen ETAko presoentzako lehenengo gradu progresioak dira.

Kasu guztietan, EITB Mediak jakin ahal izan duenez, espetxeetako tratamendu-batzordeek proposatutako presoak dira. Ezarritako zigorraren bi heren edo hiru laurdenak beteta dituzte, eta egindako kaltea aitortuz eskutitzak idatzi dituzte. Banakako eskutitz pertsonalak, egindako kaltea aitortu eta damua adieraziz. Kasu batzuetan, biktimei barkamena ere bai.

Hirugarren gradua lortu dutenen artean, Joseba Arregi Erostarbe ETAko buruzagi historikoa dago. Bidarten atxilotu ondoren, 29-30 urte egin ditu kartzelan, azken 22ak Estatu Espainiarrekoetan. Gradurik gogorrenean, lehenengo graduan, igaro diru urte gehienak. 74 urterekin, ETAko presoen artean adinean nagusienetakoa da eta egindakoarengatik mina adierazi izan du orain baino lehen.

Iazko urrian, espetxeen eskumena bereganatu zuenetik, 150 preso ingururi onartu die gradu progresioa Jaurlitzak, baina lehen aldia da gradu aldaketek ETAko presoei eragiten dietela.

Bestalde, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) iragarri du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzara joko duela Eusko Jaurlaritzak erabakitako gradu aldaketak azter ditzan eskatzera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak