Politika -

Krisia PPn

Kongresua agurtu eta arratsaldeko bileran jarri du arreta Casadok "irtenbide duin" baten esperoan

20:00etatik aurrera, erkidegoetako PPko presidenteekin bilduko da Casado martxoaren 1erako deitu duen ezohiko kongresuaren baldintzak zehazteko.

Pablo Casado PPko presidentea. Argazkia: EFE
Pablo Casado PPko presidentea. Argazkia: EFE
Pablo Casadok Kongresua utzi du Pedro Sanchezi galdera egin eta bere taldearen txalo zaparrada jaso ondoren

6:10

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Aurkari direnenganako errespetua eta alderdikideenganako konpromisoa, hori da niretzako politika". Hitz horiekin agurtu du Diputatuen Kongresua asteazken honetan PPko presidente Pablo Casadok, tonu irmoa erabilita eta bere alderdia kinka larrian dagoela ahaztu gabe.

PPko ordezkarien txalo zaparrada bukatu eta batera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak erantzun dio ez dituela hauteskundeak aurreratuko, besteak beste, ez duelako "oposizioaren ahultasunaz aprobetxatzeko asmorik".

Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiaren dimisioaren biharamunean eta martxoaren 1ean ezohiko kongresua deitzeko asmotan, Casado kazetariz inguratuta eta Ana Pastor, Ana Beltran, Cuca Gamarra, Pablo Montesinos eta Antonio Gonzalez Terol alderdikideen babespean sartu da Kongresura.

Agerraldian, gogora ekarri du duela 41 urte Kongresuan izandako estatu kolpea, eta esan du orduko hartan areriotasunak "ereduzko akordio konstituzional batekin" gainditu zituztela. "Ezinikusiaren eta suminduraren aurrean, adiskidetzea gailendu da espainiarren artean harrezkero", adierazi du.

Bilera Genovan

20:00etan hasiko dute bilera Casadok eta PPren erkidegoetako presidenteek. Asmoa da martxoaren 1eko ezohiko kongresuaren baldintzak adostea. Litekeena da Alberto Nuñez Feijoo galiziarra aurkeztea datorren asteko bilkura horretan.

Genova eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen arteko liskarra hautsak harrotzen dabilen honetan, Casadok Kongresutik alde egin du, nahiz eta ez duen oraingoz dimisiorik eman.

Horri buruz PPko zenbait ordezkarik esan dute datorren asteko asteartean aurkeztuko duela dimisioa, Zuzendaritza Batzorde Nazionalaren aurrean, eta orduan aukeratuko dutela zuzendaritza berria.

EFE albiste agentziak kontsultatutako iturriek zabaldu dute zurrumurrua. Oraindik, baina, argi dagoen bakarra da Casadoren taldea kolokan geratu dela, azken orduko dimisioen ondotik. Batzuk zein besteek "zuhurtzia" eskatu dute, arratsaldeko bilerak emango dutenaren zain.

Feijook ez du bere etorkizuna argitu nahi izan

Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Gobernuko presidenteak, bestalde, ez du Madrilen alderdia zuzentzeko konpromisoa hartzeko asmoaz txintik esan. Oposizioak egindako galderei jaramonik egin gabe, hitz hauek esatera mugatu da: "Ez da Galizia eta PPren artean aukeratu behar, Galiziak beti aukeratu baitu PP".

Zeharka, beraz, argi utzi du "nazkatuta" dagoela izan ditzakeen asmoen inguruan oposizioa egiten ari den "presioaz".

Pablo Casado PPko buruak Kongresua agurtu eta ordubetera, Feijook iskin egin dio gaurko honetan bolo-bolo dabilen gaiari, bere agerraldiak Galiziako Parlamentuan bereganatu duen ikusmina gorabehera.

Madrilera begira jarri ote den galdetuta, "ni hemen nago" baino ez du esan Feijook.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PP Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Pablo Casado Blanco Alberto Núñez Feijóoren adierazpenak