Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Esperanza Aguirreren ustez, Casadok dimisioa eman beharko luke: "Dimisioak ohoragarriak dira"
Madrilgo Erkidegoko presidente izandakoak alderdiko "krisi larria lehenbailehen konpontzeko" deia egin, eta Feijoori buruz honakoa esan du: "Pertsona egokiena hau konpontzeko".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Esperanza Aguirre PPko buruzagi ohi eta Madrilgo Erkidegoko presidente izandakoak uste du Pablo Casadok dimisioa eman beharko lukeela: "Dimisioak ohoragarriak dira, nik neuk hiru aldiz egin dut", aitortu du. Buruzagi historiko horren arabera, eta Casadok azkenaldian hartutako erabakiak hizpide, "sekulako hanka-sartzea izan da Madrilgo kongresua antolatzeari uko egitea, edota modu irregularrean lortutako datuak jakinaraztea", eta ondorioz, Alderdi Popularra "inoizko krisirik sakonenean" dago orain.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean Casadoren lekukoa nork har dezakeen galdetu diote. Argi izan du Aguirrek: "Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidenteak lau gehiengo oso lortu ditu, eta pertsona egokiena da krisi larri hau konpontzeko". Lehenbailehen egin behar dela uste du; "ez dut ulertzen zergatik eman dugun astebete hau guztia konpontzeko".
Ildo beretik, argitu du uneotan alderdiaren presidentea eta Espainiako Gobernuaren Presidentetzarako hautagaia "pertsona bera" ez izatea komeni dela (Mariano Rajoyk estatutuak aldatu zituen hala izateko), eta hortaz, alderdiko estatutuak aldatu beharko liratekeela.
Diaz Ayusori buruz, Aguirrek esan du Madrilgo presidentea "PP guztiarekin konpontzen dela ondo, buruzagiekin, militanteekin eta boto-emaileekin, guztiekin". Gainera, azpimarratu du 2020an erositako maskaren auzian ez dela ustelkeriarik egon. "Horren erakusle Fiskaltzak izapideak abiatu ditu interes orokorrekoa delakoan, baina esan du ez daudela kriminalitate zantzurik Gorenera bidaltzeko", nabarmendu du.