Politika -
Gerra PPn
Casado, kinka larrian: gertukoenak ere zatituta daude eta hainbat baroik dimisioa eskatu diote
PPren Zuzendaritza Batzordea bilduta dago une honetan, baina bihar ere berriz egin beharko du, akordio faltaren seinale. Bien bitartean, baroi garrantzitsuenetako batzuek, Feijook kasu, dimisioa eskatu diote.
EiTB Media
PPko zuzendaritza batzordeak, Pablo Casadorengandik gertuen dagoen organoak, eztanda egin du astelehen honetan, kide batzuek Teodoro Garcia Egea idazkari nagusiaren dimisioa eskatu ondoren.
Barne eztabaidako iturrien arabera, Belen Hoyo buruzagiak Garcia Egearen dimisioa eskatu eta beste agintari batzuek bat egin dute eskaerarekin, Espainiako zenbait komunikabidek (ABC, El Mundo, El Pais…) jakitera eman dutenez.
Zuzendaritzaren bilerak jarraitzen du, baina alderdiko buruzagiek eta militanteek Casadoren aurka agertu ondoren zatiketa bistakoa da. Barne iturrien arabera, eztabaidan ikuspegi kontrajarriak daude.
Casadok Genovan jarraitzea ez dute ulertzen kide batzuek. Elvira Rodriguez, Ana Pastor, Andrea Levy, Cuca Gamarra, Belen Hoyos, Dolors Montserrat edo Jaime de Olano aipatu dituzte iturriek.
Horrela, PPren zuzendaritza batzordea esku artetik ihes egiten ari zaio Casadori. PPko presidentearen konfiantzazko taldean lehen arrakalak agertu dira.
Casadoren gertukoenen arteko hausturak beste leherketa bat suposatu du, PPko presidentearentzat kolpe gogorra, ezbairik gabe.
Gainera, Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Gobernuko presidente eta bertako PPren buruzagiak Alderdi Popularreko beste agintari batzuekin hitz egin du.
La Vanguardia, El Mundo edo El Pais komunikabideek, besteak beste, jakitera eman dutenez, Alberto Nuñez Feijoo, Juan Manuel Moreno Bonilla, Alfonso Fernandez Mañueco eta Isabel Diaz Ayuso PPko lau buruzagi nagusiek Casadoren dimisioa eskatu dute dagoeneko.