Politika -
Gogora Institutua
Memoriaren oinarri partekatuak jasoko dituen lantalde bat osatuko dute
Hiru biktimak (Josu Elespe, Maria Jauregi eta Axun Lasa) eta hiru historialari gaztek osatuko dute eztabaida politikoa gainditzeko eta memoriaren inguruko begirada berri bat sustatzeko helburua duen lantaldea.
Mikel Dominguez | EITB Media
Indarkeriaren hiru biktimak eta hiru historialarik osatuko dute memoriaren oinarriak bilduko dituen dokumentua prestatuko duen lantaldea, Gogora Institutuaren ekimenez. EAEn memoriaren gizarte-eraikuntzarako oinarri partekatuen dokumentua izango da testuaren izena, eta eztabaida politikoa gainditzeko eta begirada berri bat sustatzeko helburua izango du.
"Gertakarien errealitate objektiboa, gertakari guztiak eta guztion memoria —bereziki biktimena, biktima guztiena—" dira proiektuaren ardatzak, Beatriz Artolazabal sailburuak azaldu duenez.
Josu Elespe (ETAk hildako Froilan Elesperen semea), Maria Jauregi (ETAk hildako Juan Maria Jauregiren alaba) eta Axun Lasa (GALek hildako Joxean Lasaren arreba) izango dira parte hartuko duten biktimak.
Unai Belaustegi, Eider Landaberea eta Virginia Lopez de Maturana Historian doktoreekin batera egingo dute lan. Gogora Institutuak azaldu duenez, Euskal Herriko historia garaikidean adituak dira eta "ibilbide ezaguna eta eztabaidaezina" dute. Gazteak ere badirela azpimarratu du Gogorak.
Diskrezioz egingo du lan sei pertsonako lantaldeak, martxotik urrira, eta emaitzak memoriaren politikekin zerikusia duten hogei bat aditureki kontrastatuko dituzte. Memoria Egunean, azaroaren 10ean, dokumentua aurkezteko asmoa du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak.
Artolazabalek esan duenez, "helburua da proiektuak eztabaida erabat politikoa gainditzea —jakina, hura ordezkatu gabe — eta historia eta memoriaren dialektikaren oinarriaren inguruko begirada berria eta dinamika bat erakartzea".
Dinamika horrek Euskal Herriko azken hamarkadetara hurbiltzeko "modu berritua" ekarriko du, "etorkizunerako ereduarekin eta aukerarekin". Horri "bizikidetzarako memoria" deitzen dio Gogorak. "Izan ere, atzoko egoerara zuzendutako begiradak gerokoa, etorkizunekoa eta itxaropentsua izan behar du nabarmen", esan du Artolazabalek.
Gogorak prentsa-ohar batean azaldu duenez, lau oinarri izango ditu "memoriaren gizarte-eraikuntzarako" dinamika berriak: Historiaren metodo zientifikoa bera, biktimak, giza eskubideak eta xede konstruktiboa eta inklusiboa.