Politika -
EA-KO KRISIA
EH Bildurekin erakundeetan sartu ziren EAko kideek karguak mantentzen dituztela esan du Otegik
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du Eusko Alkartasunaren kongresuan "hartu diren erabakiak errespetatu" egiten dituela.
Agentziak | EITB Media
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak astelehen honetan adierazi duenez, "EH Bilduren erakundeetako kide diren Eusko Alkartasuneko kideek EH Bilduko kide hautetsi izaten jarraitzen dute", Maiorga Ramirez parlamentari nafarrari erreferentzia eginez.
Hala adierazi du Otegik kazetarien galderei erantzunez Iruñean, Eusko Alkartasunak Ramirez eta EAko beste kide batzuk militantziatik kendu ostean.
Nolanahi ere, Arnaldo Otegik esan du bera ez dela EAko bozeramailea, eta Eusko Alkartasuna "EH Bildun dagoen alderdi politikoa" dela, "bere kongresua araudiaren eta barne ordenamenduaren arabera garatu duena".
"Guk kongresu honetan hartu diren erabakiak errespetatu besterik ez dugu egin behar. EH Bilduren erakundeetako kide diren Eusko Alkartasuneko kideek EH Bilduko kide hautetsi izaten jarraitzen dute", gaineratu du.
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Alderdi Popularrak bizi duen krisiaz ere hitz egin du, eta "78ko erregimenaren krisia" dela esan du, "gero eta nabariagoa, larriagoa, atzeraezinagoa" delako.