Politika -
KRISIA EA-N
Ramirez eta beste lau kanporatuen lekukoa hartuko duen taldea sortu dute EAko kritikoek
Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korres afiliaziorik gabe egongo dira lau urtez.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EAko sektore kritikoak "alderdiaren demokratizaziorako talde eragilea" hautatu eta aurkeztu dute gaur Gasteizen, Euskal Alkartasunaren Nazio Biltzar ofizialetik kanpo, modu paraleloan, egin duten batzarrean. Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korres alderditik kanpo egongo dira bihartik aurrera, lau urtez, ete horiek abiatutako ibilbidearen lekukoa hartuko dutela iragarri dute. Hainbat urtetako gatazkaren ondoren, bi afiliatuk egindako salaketa baten ondotik, 2021eko irailean, espedientea ireki zieten sektore kritikoko bost kide horiei eta ikerketa amaituta, arau-hauste "oso larriak" egin zituztela ondorioztatu zuten eta lau urterako kaleratu. Gaur aukeztu den 15 laguneko talderan helburua "zuzendaritzaren injustizien aurrean matxinatzea" da.
Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu izandakoa aritu da talde berriaren bozeramaile gisa, sektore ofizialak bezala, Europa Jauregian egin duten bileran.
Talde berri horretako kideak alderdian postu organikorik ez duten pertsonak dira baina sektore kritikoaren tesiak zabaltzeko lanean jarraituko dutela berretsi dute, "Eusko Alkartasunaren demokrazio handiagoa eta alderdiak EH Bilduren baitan independentzia gehiago izan dezan".
Larrañagak hitz gogorrak izan ditu EAko egungo zuzendaritzaren aurka. "Injustiziaren aurka bi aukera daude: men egin edo matxinatu" oharatarazi du.
EA inoiz baino beharrezkoagoa dela gaineratu du, EH Bilduren proiektuarekin konprometituta daudela, baina koalizioak "oinarriak zabaldu" behar dituela eta "gehitu" egin behar duela defendatu du, "ez gutxitu".