Politika -
KRISIA PP-REN BAITAN
Casado eta Ayuso bildu egin ziren atzo, bien arteko guda bideratu nahian
Azken egunotan elkarren kontrako salaketa gogorrak plazaratu ondoren, eta alderdiko 'baroiek' eskatuta, atzo arratsaldean elkartu ziren Genovako egoitzan. Ayusoren gertukoen arabera, bilerak ez zuen fruiturik eman.
EITB MEDIA
PPren baitan aurrekaririk gabeko krisia lehertu ondoren, Pablo Casado Alderdi Popularreko presidentea eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentea Genovako egoitzan bildu ziren atzo. Tentsioa baretzea eta egoera bideratzea zen helburua, baina Ayusoren gertukoek jakitera eman dutenez, ez zuten lortu. Casadok deitu zuen bilera, PPko 'baroiek' hala eskatuta.
Asteazkenean egin zuen eztanda, bi buruzagion artean aspaldi abiatutako gudak. Hainbat komunikabidek zabaldu zutenez, PPk Ayuso eta haren ingurua ikertzeko prozesua jarri zuen martxan, ustelkeria kasu bat argitzeko. Soka horri tiraka, ondorengo orduetan bi aldeek elkarren kontrako salaketa larriak plazaratu dituzte. Besteak beste, Madrilgo Erkidegoko presidenteak aitortu zuen bere anaiak 55.850 euro kobratu zituela Txinan materiala lortzeko gestioengatik.
PPko zuzendaritzako iturriek jakinarazi dutenez, sortutako zalapartaren ondoren, egoera berehala bidera dezala eskatu diote alderdikideek Casadorik. Galiziako Xuntako presidentea, Alberto Ñunez Feijoo, izan da argien hitz egin duenetako bat. Egoera honek alderdiari "atzera bueltarik ez duen kaltea" eragin diola eta lehenbailehen egoera konpontzeko "neurriak" abian jar ditzala esan zion PPko buruari.
Bere aldetik, Carmelo Barrio PP-Cs taldeko legebiltzarkideak ere egoera bideratzeko deia egin du, Radio Euskadiko solasaldi politikoan. "Batasuna, batasuna eta batasuna". Hitzok erabili ditu alderdikideei egoera bidera dezatela eskatzeko.
Barrioren hitzetan, "Madrilen eman behar diote konponbidea aferari", eta "alderdiaren zuzendaritzak eta Madrilgo Gobernuak bideratu behar dute gai hau". Horrek aurreratu duenez, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko buruak astelehenean emango ditu gaiari buruzko azalpenak, Bilbon egingo duen agerraldi batean.