Politika -
Krisia PP-N
Diaz Ayusorekin lotura duen kontratua "legezkoa" dela esan du Madrilgo Gobernuak
Osasun eta Ogasun kontseilariek prentsaurreko bateratua eskaini dute euren "kudeaketa zintzoa" eta pandemia garaian egindako kontratu guztien legezkotasuna defendatzeko.
Agentziak | EITB Media
Enrique Ruiz Escudero Madrilgo Osasun kontseilariak nabarmendu duenez, pandemian zehar exekutiboak egindako kontratu guztiak "legezkoak" izan dira, Isabel Diaz Ayuso presidentearekin lotura duena barne. Azken horren kontura zalantza sortu da, bitartekaritza lanengatik Diaz Ayusoren nebak kobratu zuen dirutza tarteko.
Escuderok prentsaurrekoa eskaini du gaur Javier Fernandez Lasquetty Ogasun kontseilariarekin batera (hasieran Justizia kontselaria ere ateratzekoa zen, baina azkenean biek egin dute agerraldia). Aurrez, Diaz Ayusok berak goizean esan du gobernuak "garbi jokatu" duela frogatuko zuela.
"Covid kontratazio espedienteak zuzenbidea eta legezko prozedura guztiak betez egin dira. Gure kudeaketa zintzoa izan da beti", adierazi du Escuderok.