Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Otxandiano: "Eskola publikoaren abandonua errealitate bat da eta komunitate horrek aitortza bat behar du”
EH Bilduko Programa arduradunaren esanetan, eskola publikoak jauzia eman behar du. Hezkuntza lege berriaren ondotik egiturazko aldaketak egin behar direla uste du, eskola publikoek izan ditzaten baldintza eta baliabide nahikoak autonomia garatzeko eta hezkuntza kalitatean jauzia emateko.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Eskola publikoaren abandonua errealitate bat dela eta komunitate horrek errekonozimendua behar duela aldarrikatu du ostiral honetan Pello Otxandianok. EH Bilduren Programa arduradunak Eusko Legebiltzarrean lantzen ari diren etorkizuneko hezkuntza lege berria izan du hizpide Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan. Hortik aterako den legeak euskal hezkuntza sistema publikoa indartzeko balio behar duela uste du Otxandianok. Ez hori bakarrik, bere arkitektura aldatu behar dela dio: "Aldaketa estrukturala behar du eskola publikoak, izan ditzan baldintzak eta baliabideak bere autonomia garatzeko eta hezkuntza kalitatean jauzia emateko".
Hezkuntza legearen inguruko akordioa duela astebete baino urrunago ote dagoen galdetuta, ezetz erantzun du. Otxandianoren ustez, eginda zegoenaren errelatoa sortu da eta ez da horrelakorik egon: "Badago oinarri bat partekatzen duguna eta orain bakoitzak egingo ditu bere ekarpenak". Dena dela, oraindik ere hezkuntza legea osatu arteko bidea luzea dela nabarmendu du. Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioek martxoaren 4ra arteko epea izango dute ekarpenak egiteko. "Testu bat adostuta ere hortik lege bat osatu arteko bidea luzea da", gehitu du.
A, B eta D ereduen logikari buelta bat eman behar zaiolakoan dago. Azaldu duenez, orain arte etxetik euskara gutxi ekartzen zuenari euskara gutxi ematen zaio eskolan. Hori goitik behera aldatu eta etxean euskara gutxi jaso duenari eskolak euskara gehiago ematea defendatu du. "Helburua da derrigorrezko eskolaldia amaitzen denean herritar guztiek izatea gutxieneko gaitasuna bi hizkuntzatan", gaineratu du. PSE-EEk hori babestuko ote duen galdetuta, ez du imajinatzen hizkuntzak ikastearen kontra dagoenik.
Azken aldian EH Bilduk eta Eusko Jaurlaritzak hainbat arlotan lortutako akordioen harira, adostasunen beharra azpimarratu du: "Herri txiki bat gara mundu globalizatu batean eta biziraungo badugu eta etorkizunari modu baikorrean erantzungo badiogu behartuta gaude herri akordioak egitera". Hezkuntzari dagokionez, akordiorik eza ez dela aukera bat zehaztu du.
Eusko Alkartasunako (EA) desdostasunek EH Bilduri nola eragin diezaioketen galdetuta, ez diotela eragiten erantzun du. Otxandianoaren hitzetan, EH Bilduk erakutsi du gaitasuna duela bere baitan dagoen aniztasuna kudeatzeko eta jendeak hori saritu duela. Asteburuko EAren Batzar Nazionalean sektore kritikoa gailenduta ere ez du arriskurik ikusten.