Politika -
Krisia Alderdi Popularrean
PPk Ayusori espedientea zabaldu dio, Madrilgo presidenteak Casadoren aurka egin ondoren
"Ez nuke sekula imajinatuko guztia eman dion alderdiari modu hain ankerrean eraso egingo zionik", adierazi du Garcia Egeak. Ayusok PPko zuzendaritza nazionalaren kontra egindako "akusazio larriak" deitoratu ditu Egeak.
EiTB Media
Alderdi Popularrak Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteari espedientea zabalduko diola iragarri du Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiak, Ayusok Pablo Casado PPko buruzagiaren aurka egin ondoren.
"Ez nuke sekula imajinatuko guztia eman dion alderdiari modu hain ankerrean eraso egingo zionik", adierazi du Garcia Egeak.
Genovako egoitzan emandako prentsaurrekoan, PPko zerbitzu juridikoak "zuzenbidean" eman beharreko pausoak aztertzen ari direla jakinarazi du Egeak, sortutako egoerari aurre egiteko.
Ayusok PPko zuzendaritza nazionalaren kontra egindako "akusazio larriak" deitoratu ditu Egeak. Madrilgo PPren biltzarra deitzeko Ayusoren nahiari leporatu dio alderdiko idazkari nagusiak.
Hauteskunde emaitza on bat lor dezake, baina zuzentasuna eta leialtasuna beharrezkoak dira, gogorarazi dio Egeak Ayusori.
"Akusazio oso larriak dira, ia delituzkoak, PPko presidentearen eta zuzendaritza nazional osoaren aurka", esan du Egeak. Alderdiko idazkari nagusiak gogorarazi duenez, berak eta Casadok Madrilgo presidentea babestu dute haren unerik "zailenetan eta bakardadean".
Egearen ahotan, PPk "ez dio sekula inori deliturik egotzi", ezta Ayusoren kontrako txostenik egin ere. Praktika egokien inguruko ohiko protokoloa abiatu zutela azaldu du, udaren ostean komunikabideen eta agirien bidez ustezko kontratu irregular baten berri izan ondoren.
Egeak jakitera eman duenez, informazioa emateko eskatu zioten Ayusori bilera batean, baina gaurdaino ez dute "ezer" jaso.
"Zuzendaritza honek jaso duen gauza bakarra gaurko eraso, irain eta gezur kanpaina masiboa da… alderdiari kalte handia egiten dizkioten eraso bidegabeak, onartezinak dira", salatu du.
Egeak argi utzi duenez, Ayusok Madrilgo kongresua aurreratu, "behartu", nahi du. "Hori da benetako arrazoia, ez besterik, eta orain egia zuen aurrean azaltzen da", azpimarratu du.
Zentzu horretan, alderdi barneko egutegia "dagoen moduan dago", eta Egeak aldatzeko aukerarik dagoenik ez du zehaztu.
Idazkari nagusiak gogorarazi duenez, Ayusok ordainketak izan direla onartu eta "sekula imajinatu ezin genitzakeen" akusazioak egin ditu.
"Ohoreari erasorik… guztia eman dion zuzendaritza modu hain anker eta bidegabean eraso egitea ez du onartuko alderdiak", ohartarazi du.