Politika -
KRISIA ALDERDI POPULARREAN
Bere kontra modu "krudelean" egin izana egotzi dio Ayusok Casadori
Madrilgo Erkidegoko presidentea hedabideen aurrean agertu da bere anaiaren kontratuari eta Genovako ustezko espioitzari buruzko azalpenak emateko. "Inoiz ez nuen pentsatuko nire alderdiak hain modu krudelean jokatuko zuenik nire aurka", esan du.
ane santesteban | eitb media
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak azaldu duenez, oso mingarria da babestu behar zaituzten alderdiko kideak zu akabatu nahi izatea. Gaineratu du akatsak egingo zituela, "baina ez irregulartasunik".
Zenbait hedabidek argitaratu dutenez, kontratu publiko baten truke egindako komisio batengatik ikertu dute Tomas Diaz Ayuso neba. Testuinguru horretan azalpenak emateko agerraldia egin du ostegun honetan Madrilgo Erkidegoko presidenteak.
Prentsaurrekoan, PPren zuzendaritza nazionalari "modu oso krudelean" jokatu izana leporatu dio, "inongo frogarik gabe" ustelkeria kasuak egotzi dizkiolako, bere familia ere tartean sartuz. "Inork ez du nire aldetik ustelkeria froga bakar bat ere lortuko", adierazi du.
Zenbait argiltapenen arabera, abenduan jakinarazi zioten Madrilgo presidenteari detektibe-agentzia batek Udalaren Etxebizitzako Udal Enpresaren izenean anaia ikertzeko mandatua jaso zuela, kontratu publikoen truke komisioak kobratu zuen egiaztatzeko.
Zehazki, Tomas Diaz Ayusorekin lotutako 1,5 milioiko kontratu bat dago ikerketapean, ustez maskarak erosteko erabili zena. Priviet Sportive SL enpresak diru-kopururik ordaindu ote zion jakin nahi zuten.
Madrilgo presidenteak ziurtatu du azken orduetan Genovako zuzendaritzaren inguruan argitaratu diren adierazpenek "politikaren alderdirik itxusiena" agerian uzten dutela.
Halaber, "erantzukizunak" eskatu ditu, eta Genovari erronka bota dio kontraturen bat egitera norbait behartu duela, "influentzia-trafikoa" egon dela, "kontratu irregular bakarra" izan dela edo bera pertsona "leiala" ez dela frogatzen duenik.
Moncloak Ayusori buruzko informazioa eman izana gezurra dela dio Madrilgo PSOEk
Ayusok azaldu duenez, Pablo Casado PPko buruaren ahotik jakin zuen ustez bere anaiarekin lotutako kontratuaren berri (2020ko apirileko kontratua), pasaden irailean alderdiaren egoeraz eta kongresuaz hitz egiteko Casadoren bulegoan egindako bilera batean.
"Nire harridurarako, ikerketa horren berri bazuela eta legez kanpokoa zela uste zuela erantzun zidan. Txostena Moncloatik filtratu zutela esan zidan ", esan du Madrilgo presidenteak.
Adierazpen horien aurrean, Juan Lobato Madrilgo PSOEko idazkari nagusiak "guztiz" gezurtatu du Moncloatik PPko buruari dokumentuak filtratu izana. Gainera, "erantzukizunak argitu" beharrean Ayusok eta Casadok irailetik kontratazio horiek euren arteko "xantaia joko" gisa erabili dituztela nabarmendu du.
Mas Madrid bihar bertan joango da fiskaltzara
Monica Garcia Mas Madrideko bozeramaileak ostegun honetan aurreratu duenez, "bihar bertan" joango dira Fiskaltzara, detektibe-bulego bati Isabel Diaz Ayusoren neba ikertzea zergatik eskatu zitzaion aztertu dezaten.
Garciak uste du Ayuso "biktima gisa" geratu dela eta onartu egin duela "bere nebak harreman komertzialak zituela enpresarekin, nahiz eta Batzarrean hilabeteak eman dituen hori ukatzen", azaldu du.