Politika -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Gorrotxategi: "Hezkuntza ituna funtsezkoa da, eskola publikoak izan behar du ardatz egituratzailea"

Elkarrekin Podemos-IUren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen esanetan, "oso arriskutsua da EH Bildu Voxekin alderatzea", ezin baitira konparatu bi alderdien jokabideak. Bestalde, Yolanda Diaz Unidas Podemosen hautagaia izatea espero du.

Miren Gorrotxategi Radio Euskadin. Argazkia: Radio Euskadi
Miren Gorrotxategi Radio Euskadin
Miren Gorrotxategi Radio Euskadin. Argazkia: Radio Euskadi

play icon 14:52

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak luzatu egingo du Hezkuntza legearen oinarri izango den zirriborroari alegazioak aurkezteko epea. Gaur elkartuko da lege berriaren oinarriak zehazteko osatu zen Hezkuntza lantaldea eta, itxura guztien arabera, eskari hori aurrera aterako da. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren bozeramaileak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, lau aste luzatzea eskatu zuten ekarpenak egiteko denbora gehiago izateko. Elkarrekin Podemos-IUtik 80 proposamen biltzen dituen dokumentu bat osatzen ari dira. Gorrotxategi oso "atsekabetuta" mintzatu da Hezkuntza lantaldeko presidenteak otsailaren hasieran aurkeztu zuen dokumentuarekin. Izan ere, haren esanetan, testuak ez du "inondik inora" jasotzen euskal eskola publikoa eta pribatua bereizten dituen gaia eta ezta eskola publikoa Euskadiko hezkuntza sistemaren "ardatz egituratzailea" izateko egin beharko litzatekeena. Hezkuntza ituna funtsezkoa dela gehitu du.

Gaztela eta Leongo hauteskundeen ondotik Vox gobernuan sartzea saihestu behar dela uste du Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak. Ildo horretan, eta hori eragozteko indar politiko guztien adostasuna defendatu du. Andoni Ortuzarrek abstenitzeko eskatu dio PSOEri, PPk erkidegoan gobernua izatea ahalbidetzeko eta ultraeskuinaren eragina saihesteko. PSOE, berriz, prest dago horretarako baldin eta PPk erkidego guztietan Santiago Abascalen alderdiarekin dituen harreman guztiak eteten baditu. Batzuek, ordea, PSOEri aurpegiratzen diote ezin duela EH Bildurekin itunik egin. Gorrotxategiren iritziz, "oso arriskutsua" da EH Bildu Voxekin parekatzea, EH Bilduk gai batzuen inguruan duen jarrera "gaitzesgarria" dela uste arren, ezin delako alde batera utzi egiten ari den ibilbidea. Halaber, ez zaio arduratsua iruditzen bi alderdien helburuak, moduak eta jokabide politikoak alderatzea.

Unidas Podemosek eserleku bat galdu du Gaztela eta Leongo parlamentuan. Azken hauteskundeetako emaitzak ez direla onak izan aitortu du, baina ez du alderdiaren amaieraren hasiera izango denik. "Eztabaida politikoa oso polarizatuta egotea ez datorkio ondo Unidas Podemosi", gehitu du. Bestalde, Gorrotxategik ez du lidergo arazorik ikusten alderdi morearen barruan: "Denok argi daukagu Yolanda Diaz gure hautagaia izatea nahi dugula, baina berak denbora behar du".

Euskal Herriko politikagintzara itzulita, Miren Gorrotxategi prest agertu da euskal estatutu berriari buruzko eztabaidari heltzeko. Dena dela, Gorrotxategiren arabera, alderdi politiko bakar batek ere ez da trakzio lana egiten ari, nahiz eta lehendakariak Eusko Legebiltzarrean esan orain dela unea. Kontuak kontu, federalismoa kontuan hartu beharreko zerbait dela pentsatzen du.

Osakidetzan hilaren 25erako eta 28rako deituta dauden grebak ere hizpide izan ditu. Urkullu lehendakariak ez dela greba egiteko unea esan ondoren, noiz den momentu egokia galdetu du Gorrotxategik. Gaineratu duenez, erabiltzaileek badakite geroz eta zerbitzu txarragoa eskaintzen dela eta langileak agortuta daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Espainiako Gobernua Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hauteskundeak EAEko Autonomia Estatutua Vox Miren Gorrotxategi