Politika -
Auzitegi Nazionala
Iñigo Gutierrez ETAko presoa bigarren gradura itzultzeko eta berriz espetxeratzeko agindua eman dute
Auzitegi Nazionalak ETAko preso batentzako gradu-erregresioa erabaki du berriro, Unai Fano iragan irailean eta orain dela gutxi Jon Crespo berriz Basauriko kartzelara bidali ondoren.
EiTB Media
Espetxe-zaintzako epaileak Iñigo Gutierrez ETAko presoarentzako gradu-erregresioa erabaki du; ondorioz, espetxera itzuli beharko da. Duela bi aste hirugarren gradua eman zioten eta Euskal Herrira hurbildu zuten, Zaballako Birgizarteratze Zentrora, hain zuzen ere.
Etxerat presoen senitartekoen kolektiboak jakitera eman duenez, Auzitegi Nazionalak ETAko preso batentzako gradu-erregresioa erabaki du berriro, Unai Fano iragan irailean, bigarren graduan kalean zortzi hilabete eman ondoren, eta orain dela gutxi Jon Crespo berriz Basauriko kartzelara bidali ostean, nahiz eta iragan urritik hirugarren graduan egon.
Presoen senideen kolektiboak gogorarazi duenez, Gutierrezek hirugarren gradua lortu zuen, besteak beste, Izadi alaba zaindu behar zuelako. Hiru urte bete zituenean kartzela utzi behar izan zuen alabatxoak, gurasoekin bizi zen bertan. Bitartean, Maria Lizarraga Algortako presoaren bikotekidea eta neskatoaren ama Arabako kartzelan dago preso.
Iñigo Gutierrezek zigorraren hiru laurdenak 2019ko urtarrilean bete zituen. 2008ko uztailaren 27an espetxeratu zuten, eta 14 urteko zigorra betetzen ari da.
Maria Lizarraga bikotekidea 2008ko abenduaren 18an kartzelaratu zuten, eta 19 urteko eta 13 hilabeteko zigorra ezarri zioten. Zigorraren hiru laurdenak 2024ko urtarrilean beteko ditu.
"Fano eta Cresporen kasuetan adierazi dugun bezala, gradu-atzeraldi horren ondorioz, presoaren eskubideak kaltetu egiten dituzte baina ez bereak bakarrik, haren familia eta ingurukoenak ere kaltetuak izaten dira; kasu honetan, hiru urteko neskato batena, une honetan aitaren presentzia eta arreta behar dituena, eta, bestalde, legeria arrunta aplikatuz, aspaldi aske egon behar zuena", gogorarazi du Etxeratek agiri batean.
"ANk berriro oztopatu du euskal preso batek bere herrira itzultzeko hasitako bidea, bere birgizarteratzeko eskubidea urratuz", salatu du kolektiboak.
Etxeraten hitzetan, "euskal gizartearen gehiengo zabalak partekatzen duen konponbidean, bizikidetzan eta bakean aurrera egiteko testuinguruari uko egiten dio. ANren erabakiak euskal gizarteak arbuiatzen duen salbuespenari eusten dio".