Politika -
Heriotza
Javier Gomara hil da, UPNren eta Foru Parlamentuaren presidente ohia
Alderdi unionistak izan zuen lehenengo presidentea izan zen, eta bigarren legegintzaldian, 1987-1991, zuzendu zuen Ganbera.
agentziak | eitb media
UPNk jakinarazi du Javier Gomara (1927, Etxarri-Aranatz) hil dela, alderdiaren fundatzaile eta lehenengo presidente izan zena.
"Eredu bat izan zen UPNrentzat eta Nafarroaren defentsan", adierazi du Javier Esparza alderdiaren egungo presidenteak. Gomarak UPNren historian izandako jokabide "aktiboa" eta "politika zerbitzu gisa ulertu izana" goraipatu du Esparzak.
"Familia erregionalistak guztiok maite eta miresten genuen pertsona bat galdu du, alderdi honen historian giltzarri izan den eta jokabide aktiboa izan duen pertsona bat", gaineratu du.
Nafarroako Parlamentuak ere doluminak helarazi dizkie senideei bigarren Legegintzaldian (1987-1991) erakundearen presidente izan zenaren heriotzagatik.
Javier Gomararen hileta-elizkizuna astelehenean izango da, hilaren 14an, 18:00etan, San Miguel elizan, eta Parlamentuan minutu bateko isilunea egingo dute osteguneko saioan.
Biografia
Ikasketez abokatua, UPNren lehenengo presidente izan zen 1979an, eta diputatu 1986 arte. Iruñeko Udalean hasi zen jardun politikoan, eta ez zen politika aktibora itzuli trantsizioaren ostean eskuinak bere lekua bilatu zuen arte.
1975ean Causa Ciudadanaren (1976) sorkuntzan parte hartu zuen, Partido Socialdemocrata Foral de Navarraren hazian, eta UCD babestu zuen Konstituzioan laugarren xedapen iragankorra sartu zuen arte. Nafarroak eta EAEk bat egitea aurreikusten duen puntu horren eraginez sortu zuten UPN.
Gomareren arabera, xedapen horrek agerian uzten zuen Nafarroa ez zutela "errespetatu", eta "Nafarroako parlamentarien gainetik UCD-PSOE-PNV akordio bat" egon zela "kalte" egiteko.
UPNren presidente aukeratu zuten alderdiaren aurkezpenean, 1979ko urtarrilaren 21ean, eta Foru Parlamenturako hauteskundeetan aurkeztu zen azken Foru Aldundian posturen bat lortzeko. Hala, eserleku bat lortu zuen Ganberan.
Gomara hautatu zuten berriro alderdiaren presidente 1981eko Kongresuan, "Navarra Unida" lelopean, eta karguari eutsi zion 1985era arte. Bere gidaritzapean egin zuten lehenengo ituna APrekin eta PDPrekin 1982ko hauteskunde orokorretan elkarrekin aurkezteko.
Hauteskunde horietan diputatu izendapena eskuratu zuen, Jesus Aizpunen atzetik zerrendako bigarrena baitzen, eta 1987an Nafarroara itzuli zen bi legegintzalditan parlamentari izateko.
Lehenengoan, 1987tik 1991ra, gainera, Ganberaren presidente izan zen, Alianza Popularren eta Union Democrata Foralen (PDP-PL) babesarekin. PSNk CDSren hautagaiari eman zion botoa, eta EAk, Euskadiko Ezkerrak eta HBk boto zuria eman zuten.