Politika -
Lan erreformaren bozketa
ETAko preso ohien omenaldiak zigortzeko lege aldaketa bat jasotzen zuen UPNren eta PSOEren arteko itunak
Era berean, Tuterako erdialdetik trenbideak ateratzeko azterketa bat egitea eta Nafarroako ibaiak modu jasangarrian garbitzea adostu zuten bi alderdiek.
EiTB Media
Alderdi erregionalistak lan erreforma babestearen truke UPNk eta PSOEk adostutako akordioak ETAko preso ohien omenaldiak zigortzeko lege aldaketa bat egiteko Espainiako Gobernuaren konpromisoa jasotzen zuen.
Diario de Navarra-k ostiral honetan argitaratu duenez, UPNk lan erreformari aldeko botoa emateko akordioak bost puntu zituen.
Gainera, Tuterako erdialdetik trenbideak ateratzeko azterketa bat egitea eta, Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin ados, Nafarroako ibaiak modu jasangarrian garbitzea adostu zuten bi alderdiek.
Azkenik, itunean beste bi puntu zeuden, orain arte argitara eman direnak, alegia: PSNk Enrique Maya Iruñeko alkatea gaitzesteko mozioa atzera botatzea, eta PSNk Iruñeko Udalaren aurrekontu aldaketak babestea.
Hain zuzen ere, azken puntu hori izan da bete den bakarra, Iruñeko sozialistek aurrekontuaren aldaketei babesa eman zietelako.
Udalbatzan bozketa egin ondoren, Diputatuen Kongresuan lan erreformaren sufragioa izan zen; Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero UPNko bi diputatuek kontrakoa botoa eman zuten, nahiz eta alderdi erregionalistak aldeko boza emateko agindua eman.
Diario de Navarra-k azaldu duenez. UPNk eta PSOEk akordioa otsailaren 2an itxi zuten. Javier Esparza UPNko presidenteak, Felix Bolaños Presidentetza ministroak eta Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak parte hartu zuten negoziazioan.