Politika -

Frantziako hauteskundeak

Frantziako hauteskundeak: nor da nor Eliseorako lehian?

Hauteskundeak egiteko bi hilabete falta direnean, Presidentetzarako hautagaiak aztertu ditugu.

Emmanuel Macron, uneko Frantziako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Emmanuel Macron, uneko Frantziako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Emmanuel Macron, uneko Frantziako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2022ko apirilaren 10ean, frantziarrak hautetsontzietara deituta daude, datozen bost urteetan nork gobernatuko dituen erabakitzeko. Bi itzuliko sistema dute, kontsentsuko hautagaiei mesede egiten diena, eta, printzipioz, Emmanuel Macron egungo presidentea da faboritoa.

Jarraian, kanpainaurreko protagonista nagusiak aztertuko ditugu, hauteskundeak egiteko bi hilabete falta direnean:

Emmanuel Macron

Macron 2017an sartu zen politikaren lehen lerroan, zentroko mugimendu liberal berri batekin. Frantziako Konstituzioak elkarren segidako bi agintaldi baimentzen ditu presidentearentzat; beraz, Macronek beste bost urtez errepikatzeko eskubidea dauka. Faborito azaldu da zundaketa guztietan, eta lehen itzulirako boto-asmoaren arabera, botoen % 20tik gora jasoko dituen hautagai bakarra da.

Valérie Pecresse

Pecressek Frantziako eskuin klasikoa ordezkatzen du, Jacques Chiracen eta Nicolas Sarkozyren mugimenduen oinordeko. Polemiken ondorioz François Fillonen eskutik 2017an bigarren itzulitik kanpo geratu ziren Errepublikarren burua da. Bigarren ageri da boto-asmoan, eta, gorenera iristekotan, lehen emakumea litzateke Frantziako Presidentetzan.

Marine Le Pen

Jean Marie Le Penen alaba eta oinordeko politikoa da presidente izateko beste hautagaietako bat. Oraingoan, Le Pen bere irudia moderatzen ahalegindu da, neurri handi batean Zemmour aurkeztuta eskuin muturreko benetako hautagai gisa. Halere, Pecressen ezusteko sarrerarekin topatu da, eta jada ez dauka hain ziurtatuta 2021eko zundaketek aurreikusten zuten bigarren itzulirako pasea.

Éric Zemmour

Zemmour ultraeskuineko ideiengatik egin zen ezagun hedabideen aurrean, eta Reconquista proiektu politikoarekin eman die forma orain ideia horiei. Gorakada azkarra izan zuen inkestetan, baina azken asteotan laugarren posturaino jaitsi da.

Hautagaitza aurkezteko bideoan esan zuen Frantzia "salbatu" egingo duela migrazioak, segurtasunik ezak eta LGTBI kolektiboaren eskubideen aldarrikapek eragin dituzten erronken aurrean. Bere adierazpen polemikoek epaitegietara eraman dute, eta arrazakeria sustatzeagatik zigortu zuten urtarrilean.

Jean-Luc Mélenchon

Jean-Luc Mélenchon, Frantzia Intsumisoko liderrak ezkerrik borrokalariena ordezkatu du azken hamarkadan, bere burua Alderdi Sozialistaren ustezko zentrismoaren aurreko alternatiba gisa azalduta. Inkesten arabera, duela bost urte lortutako botoen erdiak eskuratuko ditu. Datorren hitzordua azken aukera izan liteke 70 urteko hautagai honentzat.

Yannick Jadot

Yannick Jadot eurodiputatuak Europa Ekologia-Berdeak ordezkatzen ditu, Frantziako ekologismoaren bandera politikoa. Melenchon du aurkari nagusi, ezkerraren hautagai nagusia, baina ez batak ez besteak ez omen dute botoen % 10 baino gehiago eskuratuko.

Christiane Taubira

Christiane Taubirak urtarrilaren erdialdera berretsi zuen bere hautagaitza, hilabeteetako espekulazioen ostean. Justizia ministro ohiak gainerako taldeek lekua hartuta zutenean egin zuen sarrera, ezkerrari plataforma independente batetik bultzada berria emateko asmoz.

Anne Hidalgo

Alderdi Sozialistak urrian izendatu zuen Hidalgo hautagai, Parisen bi garaipen izan ostean. Ezkerreko beste hautagaiei elkarrekin plataforma bat osatzeko proposatu die, baina ez du arrakastarik izan. Edonola ere, hiriburuko alkateak ez du amore emango, datozen bi hilabeteetan gerta daitekeenaren esperoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak Frantzia Macron azken ordukoa Hauteskundeak