Politika -
Radio Euskadi
Esparza: "Sayasek eta Adanerok iruzur egin diete Espainiako gizarteari, Nafarroakoari eta alderdi osoari"
UPNko presidentea "minduta" agertu da bi diputatuek alderdiaren irudiari egindako "kalteagatik", eta orain hura berreraikitzea tokatzen zaiola uste du. Ez du uste Sayasek eta Adanerok PPrekin edo Voxekin akordio bat zutenik lan-erreformaren aurkako botoa emateko.
M. D. - O. A. | EITB Media
Javier Esparza UPNko presidentea "minduta" agertu da Radio Euskadin Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek alderdiaren irudiari egindako "kalteagatik", alderdiaren boto-diziplinari muzin eginez lan-erreformari ezetz bozkatuta.
Buruzagi erregionalistaren esanetan, "UPNk beti bete izan du bere hitza, eta orain beti izan garena lehengoratzea tokatzen da".
Esparzaren arabera, Sayas eta Adanero ez dira transfugak, eta baztertu egin du aurrez bi diputatuek PPrekin edo Voxekin akordiorik izatea. "PPk ezetz esan dit eta ez dut bere hitza zalantzan jartzen. Bazkide leialak gara, eta uste dut PP ere leiala dela UPNrekin", esan du Navarra Sumako bozeramaile ere badenak.
UPNko presidenteak azaldu duenez, bi diputatuek behin baino gehiagotan adierazi zuten ez zeudela ados alderdiak agindutako jarrerarekin, baina boto diziplina beteko zutela, bai alderdiko zuzendaritzarekin izandako elkarrizketetan eta baita hedabideen aurrean eskainitako adierazpenetan ere. "23 ordu iraun zuen engainuak. Ez zuten esandakoa bete, eta hori ulertezina eta onartezina da. Politikan egin behar ez denaren adibide garbia da", gehitu du.
Javier Esparzak azpimarratu du PSOErekin egin zuten akordioaren zati txiki bat baino ez zela Iruñeko alkatearen gaitzespenari zegokiona. Akordioak alderdi gehiago zituela esan du, gehiago zehaztu gabe. UPNk emandako hitza bete ez zuenez, akordioari buruzko xehetasunak "eremu pribatuan" gelditzen direla gaineratu du.
UPNk Diputatuen Kongresuan duen ordezkaritza galduko ote duen galdetuta, Esparzak aitortu du tristura izugarria eragiten diola gertatzen ari den guztiak, baina nahiago duela emandako hitza betetzen duen alderdi bat izan. "Bidean, agian bi diputatu galduko ditugu aldi baterako, baina gure hitzak balio handiagoa du", esan du. Are gehiago, hitzaren balioa defendatuko duela erantsi du.
Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adaneroren etorkizun politikoari dagokionez, UPNko presidenteak ez du bietako inor ikusten Vox alderdian. Esparzak berriro esan du biek UPNko kide izaten jarrai dezaketela akta entregatuz gero, baina dagoeneko publikoki adierazi dute ez dutela egingo.