Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Hezkuntza lege berrirako oinarriak jasoko dituen lehen zirriborroa aurkeztuko dute gaur Legebiltzarrean
Azken hilabeteetan hezkuntza alorreko aditu eta eragileekin egindako bileretan jasotako ekarpenekin osatu dute lehen testua. Orain, alderdi politikoen ekarpenak jasoko dituzte.
EITB MEDIA
Etorkizuneko euskal hezkuntza legearen oinarri izango den lehen zirriborroa aurkeztu eta eztabaidatuko dute gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean.
Hezkuntza lantaldeko presidenteak prestatu du txostena, alorreko ehun bat aditurekin eta eragilerekin elkarrizketak egin eta horien ekarpenak jaso ondoren.
Datozen urteei begira hezkuntzak dituen erronkak jasotzen ditu gaur aurkeztuko den dokumentuak eta baita horiek lortzeko balizko bide orria ere. Eragileek erronka nagusienen artean aipatu dute esaterako segregazioari aurre egitea eta etorkinak hartzerakoan ikastetxe publiko, pribatu eta itunpekoen artean oreka bilatzea. Egungo A, B eta D ereduak ere aztertu dituzte eta ikastetxeen autonomia eta doakotasuna ere mahai gainean jarri dituzte.
Lege berriaren oinarriak zehazteko osatu zen Hezkuntza lantaldea Eusko Legebiltzarrean. Bide horretan, 09:30ean hasita bilera egingo du. Bertan, lehen testu hori partekatuko du batzordeko presidenteak talde politikoekin. Hortik aurrera, alderdi politikoek beren ekarpenak egin ahalko dituzte. Behin horiek jasotakoan, Eusko Jaurlaritza lege berria prestatzen hasiko da.
Eusko Jaurlaritzak udazkenean onartu nahi du lege berria datorren urteko lehen seihilekoan Eusko Legebiltzarrean bozkatu ahal izateko.