Politika -
Iruñeko Udala
PSNk ez du Maya gaitzetsiko, UPNk lan erreforma babestearen truke
"Sakrifizio handia da guretzat, baina erabaki hau ez da gaur arratsaldeko bilkuratik haratago joango", esan du prentsaurrekoan alderdi sozialistak Iruñeko Udalean duen eledun Maite Esporrinek.
EITB MEDIA
PSNk ez du Iruñeko alkate Enrique Maya gaitzetsiko UPNko bi alderdikideek lan erreforma babestearen truke.
"Sakrifizio handia da guretzat, baina erabaki hau ez da gaur arratsaldeko saiotik haratago joango", esan du prentsaurrekoan alderdi sozialistak Iruñeko Udalean duen eledun Maite Esporrinek.
Ramon Alzorriz idazkari eta Parlamentuko eleduna alboan zuela, Esporrinek azaldu du UPNk egindako proposamenari erantzuten diola erabakiak. Izan ere, Diputatuen Kongresuan lan erreforma babestearen truke, Maya ez gaitzestea eskatu diote.
Ostegun honetan osoko bilkura egingo dute Iruñeko Udalean, besteak beste, Maya alkatearen gaitzespena eztabaidatzeko. "Adierazpen xenofoboak" egiteagatik eztabaidatuko dute legealdi honetan hirugarrenez Mayaren gaitzespena.
EH Bildu, PSN, eta Geroa Bai alderdiek bultzatu zuten ekimena, alkateak Iruñean azkenaldian dagoen "segurtasun ezaren" erantzule jo zituelako bakarrik dauden migratzaile adingabeak.
Hala, "arrazoibiderik gabe gorrotoa elikatzeagatik" proposatuko du Mayaren gaitzespena alderdi abertzaleak, "datu bakar bat" eman ez duela argudiatuta.
Bestalde, Geroa Baik azpimarratu du Mayaren adierazpenak "bizikidetzaren aurka" dozela, eta Udalaren betebeharra dela kohesio soziala zaintzen duten politikak proposatzea.
Asironek "polemika antzuak" sustatzea leporatu dio Mayari
Joseba Asiron EH Bilduren eledunak "polemika antzuak" sustatzea eta "xenofobian aritzea" leporatu dio Iruñeko alkateari. Halaber, esan du "hiriak dituen benetako arazoak" ezkutatzen dituela, eta VOX alderdiari botoak kentzeko asmoa besterik ez duela.