Politika -
KARTZELA POLITIKA
Komunitatearen aldeko lanak egiteko udal plazak handitzea adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek
Hitzarmena ez da derrigorrez bete beharrekoa izango EAEko udalentzat eta tokiko erakundeentzat. Azken bi urteetan, pandemiaren eraginez, komunitatearen aldeko lanei lotutako hainbat jarduera gutxiago egin dira.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek akordioa sinatu dute gaur goizean komunitatearen aldeko lanak egiteko udal plazak handitzeko. Dena dela, udalek ez dute nahitaez hitzarmena bete beharko. Elkarlan honen bitartez, pandemiaren eraginez azken bi urteetan gutxiago egin diren komunitatearen aldeko lanei lotutako jarduerei bultzada eman nahi zaie.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Gorka Urtaran Eudeleko presidente eta Gasteizko alkate ere badenak sinatu dute dokumentua Gasteizen. Lau urteko iraupena izango du. Gainera, jarraipen batzorde bat sortuko da, alde bakoitzeko bi ordezkarirekin, eta urtean gutxienez bilera bat egingo dute.
"Hitzarmen honek euskal espetxe-ereduaren konplize bihurtzen gaitu, zigor eta neurri alternatiboekin", adierazi du sinadura ekitaldian Beatriz Artolazabalek. Bere hitzaldian, laguntza eskatu die udalei, "askatasunik ez duten pertsona horiek beraien zigorrak espetxetik urrun bete ahal izateko". Aldi berean, eskaera zabaldu du Hirugarren Sektore Sozialeko entitateetara, zigorrak betetzeko programa horietan sartuta baitaude.
Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak, bere aldetik, udalek "beharrezko aliatu" gisa duten garrantzia nabarmendu du, zigorrak gauzatzeak "onura bikoitza izan dezan, pertsonarentzat eta tokiko komunitatearentzat". "Gure konpromisoa ahalik eta pertsona gehienek beren udalerrian zigorra bete ahal izatea da, horrela beren familia, gizarte eta lan ingurunetik deserrotzea saihesteko", gehitu du.
Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek sinatutako esparru-akordioaren bidez, komunitatearen aldeko lanak egiteko eredua finkatu nahi dute sinatzaileek, justizia leheneratzailearen ikuspegitik.
Udalez gain, zigor horien kudeaketan ere garrantzia handia dute hirugarren sektoreko gizarte-entitateek. Hauek dira, hain zuzen ere, parte hartzen duten gizarte, kirol eta kultur arloko erakundeetako batzuk: Brasil-Euskadi Kultur Elkartea, Deustuko harrera-zentroa, Lagun Artean kirol-elkartea, Ariznabarra kirol-elkartea edo Berjantziren arropa birziklatzeko proiektuak Araban, Oldberrik Gipuzkoan eta Koopera Zerbitzuak Bizkaian.