Politika -
Auzitegi Nazionala
ETAko lau buruzagi ohiren aurkako kereila onartu du Auzitegi Nazionalak, Barajaseko atentatuagatik
Josu Urrutikoetxearen, Aitzol Iriondoren, Mikel Karreraren eta Ainhoa Ozaetaren aurka jarri zuen kereila Dignidad y Justicia elkarteak.
AGENTZIAK | EITB Media
Alejandro Abascal Auzitegi Nazionaleko epaileak onartu egin du Dignidad y Justicia elkarteak ETAko lau buruzagiren aurka jarritako kereila. 2006ko abenduaren 20an Barajaseko aireportuan (Madril) ETAk egindako atentatuarekin zerikusia izatea leporatu diete.
Hain zuzen ere, Josu Urrutikoetxearen, Aitzol Iriondoren, Mikel Karreraren eta Ainhoa Ozaetaren aurka jarri zuten kereila, ETAko zuzendaritzako kideak izatea eta, beraz, atentatua egitea agindu izana egotzita. Atentatu hartan, ETAk bi pertsona hil zituen, eta dozenaka zauritu.
Epaileak hainbat delitu leporatu dizkie, hala nola kalte terroristak egin izana, bi hilketa terrorista eta lau saikaera. Atentatuaren unean, aipatutako laurak "ETAren Zuzendaritza Batzordeko kideak" zirela nabarmendu du Auzitegi Nazionalak.