Politika -
Bilera-sorta
"Testu itxia" mantentzen baldin bada lan-erreforma arbuiatuko dutela esan die EH Bilduk ELAri eta LABi
Euskal gehiengo sindikalak orain arte izandako jarrera "eskertu" dio EH Bilduri. Oskar Matutek kritikatu duenez, Diputatuen Kongresura "menu itxi eta blokeatua" eramatea Ganberari eztabaida "lapurtzea" litzateke.
Agentziak | EiTB Media
Egungo "testu itxia" mantentzen baldin bada koalizioak lan-erreforma errefusatuko duela esan dio Oskar Matute EH Bilduko diputatuak euskal gehiengo sindikalari, Mariano Rajoyren 2012ko erreformaren ezaugarri "kaltegarrienak" aldatzen ez dituelako.
Matute ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariekin bildu da Bilbon. Hiru eta Etxalde sindikatuekin batera, EH Bildu, EAJ eta Podemos Ahal Dugurekin batzartuko dira datozen egunetan, indar politikoei azken lan-erreformak "osorik indargabetzeko konpromisoa" eskatzeko. Testua otsailaren 3an bozkatuko du Diputatuen Kongresuak.
Espainiako Gobernuak, CEOE patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek adostutako "testu itxia" aurkezten baldin bada, EH Bilduk ez du aldeko botorik emango, "inola ere ez", ziurtatu du koalizioko diputatuak.
"Lan-erreformari baiezkoa ematea, Mariano Rajoyren 2012ko lan-erreformaren muinari baiezkoa ematea da", nabarmendu du Matutek.
Diputatuaren ahotan, Kongresura "menu itxi eta blokeatua" eramatea Ganberari eztabaida "lapurtzea" litzateke.
Matutek erantsi duenez, "seguraski, Bruselaren presioengatik eta CEOE beto eskubidea duen lehentasunezko bazkide egiteagatik, hankamotz heldu den" lan-erreforma da.
Ohar batean, orain arte EH Bilduk izandako jarrera "eskertu" dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Hala ere, kaleratzeen gaian eta euskal markoaren defentsan tematzeko eskatu diote koalizioari. "Aldaketak eragiteko modu bakarra CEOE gabe negoziatzea da", ohartarazi dute sindikatuek.