Politika -
Sortu
Espainiako Auzitegi Nazionalak berretsi egin du 'Kalera Info' aldizkariaren itxiera
Gauza bera egin du kalerakalera.eus webgunearekin, bi argitalpenak "terrorismoa goratzeko tresnak" direla iritzita.
EITB Media
Espainiako Auzitegi Nazionalak berretsi egin du 6. zenbakiko Instrukzioko Epaitegi Zentralak Kalera Info aldizkaria eta kalerakalera.eus webgunea ixteko emandako agindua, "terrorismoa goratzeko tresna" direla argudiatuta.
Hala gogorarazi du Auzitegi Nazionalak bi autotan, eta, besteak beste, Oihana Garmendia eta Antton Lopez Sortuko presoen batzordeko kideek aurkeztutako errekurtsoak ezetsi ditu horrela.
Ebazpenean, Auzitegiak gogorarazi du "ETAk aurretik amnistiaren aldeko batzordeen bidez garatu zituen presoen kolektiboari buruzko 2016tik aurrerako gai guztiak Sorturen eskumenekoak izatera igaro zirela".
Audientzia Nazionalarentzat, epaitegiak hartutako kautelazko neurria egokia izan da, aipatutako aldizkaria eta web-orria erabilita bilatzen den helburuaren zantzu argigarriak daudelakoan. Fiskaltzak bidali zuen kasua epaitegira, eta bi argitalpenak aldi baterako ixtea eskatu zuen, argitalpen horietan ETAren terrorismoa goratzen zela iritzita.
Sortuk, bere aldetik, gogor kritikatu du erabakia: "Alderdi baten jarduera komunikatiboaren aurka jo dute. Adierazpen askatasunaren aurka egin dute. Informatzea bezalako eskubide eta jarduera zilegiaren aurka egin dute". Era berean, gogoratu du Auzitegi Nazionalak, Kalera Kalera dinamika dela eta, Sortuko sei kideren aurkako sumarioa ireki duela, "euskal preso politikoen eskubideen aldeko eta haien asistentziaren aldeko lana kriminalizatzen dituena".