Politika -
DIPUTATUEN KONGRESUSA
Elizan adingabeei egindako sexu abusuei buruzko ikerketa batzordea eskatu dute EH Bilduk, ERCk eta Podemosek
EH Bilduk, ERCk eta Unidas Podemosek eskaera bateratua aurkeztu dute Kongresuan ikerketa batzorde bat sortzeko.
EITB MEDIA
Eliza katolikoak adingabeei egindako sexu abusuak argitzeko ikerketa batzordea sortzeko eskaera erregistratu dute EH Bilduk, ERCk eta Unidas Podemosek gaur goizean Diputatuen Kongresuan. PSOEren babesa jasotzea espero dute orain.
Ekimenaren sinatzaileen arabera, "Eliza katolikoaren eta botere politikoaren egitura patriarkalek errealitate hori eta haren biktimak ikusezin bihurtu dituzte hamarkadetan zehar". "Guztioi eragiten digun" arazoa dela iritzita, uste dute Kongresuaren fokuan jarri behar dela, ikerketa-batzorde baten bidez.
Hiru talde politikoek nabarmendu dutenez, "ikerketa-batzordearen azken helburua beharrezko informazioa izatea da, hori jasan duten biktimei erreparazioa, prebentzioa eta arreta emateko politika publikoak planifikatu ahal izateko".
"Pilota PSOEren teilatuan dago"
Bel Pozueta EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du lehen aldia dela Kongresuan hori planteatzen dena: "Orain pilota PSOEren teilatuan dago, argi eta garbi". Hala, Pedro Sanchezen alderdiari eskatu dio tramitera onar dezala aurkeztu duten proposamena.
Pozuetaren ustez, batzorde hori sortzean, "garrantzitsua da sexu-indarkeria hori bizi izan duten pertsonek kontatzen dutena aitortua dela ikustea, kontzientziazioa egon dadin eta berriro gerta ez dadin; izan ere, orain arte Eliza katolikoak sahiestu eta estali egin ditu erasook, eta bada garaia egia ezagutzeko", gaineratu du.
Eskaera horretan, Frantziako Elizaren barruan egindako sexu-erasoei buruzko ikerketa independente bat ere aipatu dute hiru talde politikoek. Frantziako adibideari jarraituz, Espainiak ikerketan beste urrats bat eman behar duela uste dute, "biktimen eta biktimarioen kopuru kezkagarriak agerian utz ditzakeelako".
Era berean, Kongresuko ikerketa-batzordeak preskribatutako kasuen biktimen erreparazioa erraztu behar duela uste dute.