Politika -
Gutxieneko diru-sarrera
PSOEk eta EAJk bilera egin dute, gutxieneko diru-sarreraren transferentziari lotutako polemika bideratzeko
Bi alderdiek 2020ko maiatzean adostu zuten Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren eskumena transferitzea, baina ez dute akordioa gauzatu eta Alderdi Sozialistak aldi baterako lagapena izatea nahi du orain. EAJk onartezintzat jo du aukera hori.
EITB Media
PSOEko eta EAJko ordezkaritzak Bilbon bildu dira ostegun honetan, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren transferentzia desblokeatzeko eta azken asteetan eskumen horren harira sortutako ika-mika amaitzeko.
Alderdi Sozialistaren ordezkaritza Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkariak, Hector Gomez Kongresuko bozeramaileak eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak osatu dute.
EAJren izenean, berriz, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Aitor Esteban Kongresuko bozeramailea izan dira.
Bi alderdiek 2020ko maiatzean adostu zuten Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren eskumena transferitzea, baina ez dute akordioa gauzatu eta Espainiako Gobernuak aldi baterako lagapena izatea nahi du orain. EAJk onartezintzat jo du aukera hori.
"Azken papera bidaltzea eta bi gobernuen zigilua jartzea bakarrik falta zenean, onartezina den beste gauza bat saldu nahi digute: 10 urteko lagapen bat, denboran gehiago luzatzeko aukerarekin, baina hori ez da transferentzia bat eta horrela ez da Gernikako Estatutua betetzen", esan du Andoni Ortuzarrek gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan.
Gauzak horrela, eta akordioa hasierako terminoetan betetzen ez bada, EAJren eta Pedro Sanchezen arteko harremanak Kongresuan hautsi egingo direla ohartarazi du buruzagi jeltzaleak.
Eguerdian, Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroak berretsi du Espainiako Gobernuaren "konpromiso politikoa erabatekoa" dela eta gutxieneko diru-sarreraren eskumenaren transferentzia gauzatuko dutela, baina oraindik hainbat izapide egin barik daudela.
Ildo horretan, gogora ekarri du abenduaren 30ean Ministerioak dokumentu berri bat igorri ziola Eusko Jaurlaritzari eta erantzunaren zain daudela.