Politika -
Frankismoko krimenak
Unidas Podemosek auzitara joko du Martin Villak martxoaren 3ko sarraskiagatik egindako adierazpenengatik
Astelehenean egindako ekitaldi publiko batean, ministro frankista ohiak esan zuen bera izan litekeela 1976ko martxoaren 3an Gasteizen Poliziak egin zuen sarraskiaren "erantzule politiko eta penala".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pilar Garrido, Juantxo Lopez de Uralde eta Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatuek salaketa bat aurkeztuko dute ostegun honetan Gasteizko epaitegian, Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro frankista ohiak 70eko hamarkadan izan ziren hilketa eta tortura kausen harira (tartean, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskia) aste honetan egin dituen adierazpenak direla eta.
Astelehenean egindako ekitaldi publiko batean, ministro frankista ohiak adierazi zuen bera izan litekeela, besteak beste, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen Poliziak egin zuen sarraskiaren "erantzule politiko eta penala".
Duela hilabete Argentinako Justiziak atzera bota zuen Maria Servini epaileak Martin Villa gizateriaren aurkako krimenak egotzita auzipetzeko egin zuen eskaria, eta ebazpen horren ondotik iritsi dira ministro frankista ohiaren adierazpen polemikoak.
Edonola ere, frankismoko krimenengatik Argentinan abiatutako auzia irekita dago oraindik.