Politika -

Sorturen Kongresua

Abian da Sorturen zuzendaritza berria bozkatzeko epea

Militantziak urtarrilaren 19an, 20an eta 21ean eman ahal izango du botoa. Emaitza larunbatean jakinaraziko da, Bilboko Bizkaia frontoian, Sorturen Kongresua itxiko duen batzarrean.

Arkaitz Rodriguez, Sortuk Donostian egindako agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Arkaitz Rodriguez, Sortuk Donostian egindako agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Arkaitz Rodriguez, Sortuk Donostian egindako agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abian da Sorturen zuzendaritza berria bozkatzeko epea. Nazio kontseiluko eta Idazkaritzako kideez gain, Berme Batzordeko eta Kontu Batzordeko kideak ere hautatuko dira. Emaitza larunbatean jakinaraziko da, Bilboko Bizkaia frontoian egingo den Kongresuaren itxiera batzarrean.

Arkaitz Rodriguez proposatu dute idazkari nagusi izateko, eta honako hauek ere osatuko dute idazkaritza, Sortuko kideek hala bozkatuz gero: Nuria Altzugarai (idazkari teknikoa), Oihana San Vicente (barne koordinatzaileordea) David Pla (norabideratze estrategikorako Gunearen arduraduna), Itsasne Fernandez (barne antolaketaren arduraduna), Kizkitza Gil (ekintza politikoko arduraduna), Xabi Iraola (herrigintzako arduraduna), Gotzon Elizburu (komunikazio arduraduna), Elena Beloki (nazioarteko arduraduna) eta Haimar Altuna (gatazkaren ondorioak konpontzeko batzordearen arduraduna).

Lurraldeetako hautagaitzei dagokienez, Lur Albizu (Nafarroako arduraduna), Jon Iker Aramendi (Arabako arduraduna), Aitor Servier (Ipar Euskal Herriko arduraduna), Paul Laka (Bizkaiko arduraduna) eta Aritz Arzallus (Gipuzkoako arduraduna) daude proposatutako zerrendan.

Nazio Kontseilua osatzeko proposatuko dituzten hamar kideen izen-abizenak ondorengoak dira: Aiora Epelde, Ane Sainz-Espiga, Asier Zamorano, David Oroz, Eli Zubiaga, Haizea Kortaberria, Ibai Redondo, Iker Alcedo, Karlos Monteagudo, Txoli Mateos, Maddi Isasi, Gotzon Amaro, Amaia Etxabe, Clara Rouget eta Gorka Mayok osatuko dute.

Gaur hasi eta ostirala bitarte eman daiteke botoa telematikoki, eta larunbatean Sortuk zuzendaritza berria aurkeztuko du.

Larunbateko ekitaldia

Bozketaren emaitza larunbatean jakinaraziko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Sorturen Kongresua itxiko duen batzarrean, alegia. Ekitaldian Herrigaia ponentzian jasotako "erronka nagusiak" eta "datozen urteetarako asmoak" azalduko dituzte.

Sortuk "indarrak batzeko" eta Euskal Herriaren independentzia lortzeko bere "konpromisoa berresteko" baliatu nahi du larunbateko biltzarra.

Betiere independentzia prozesua ardatz izanda, datozen urteetan "hainbat erronkari heltzeko konpromisoa" hartu duela azpimarratu du Sortuk eta, besteak beste, ondoko "borrokak" aipatu ditu: herritarren bizi baldintzak hobetzea, trantsizio ekologiko justua bultzatzea, zaintzaren auzia politikagintzaren erdigunean jartzea, hezkuntza sistema burujabea sustatzea, euskalduntze fase berri bat irekitzea, Euskal Herria harrera herria bilakatzea eta "burujabetzak praktikara eramaten dituzten proiektu eraldatzaileak behetik gora" sustatzea.

Bakea eta bizikidetzari dagokionez, "preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzeko borroka eta memoria osoaren aldeko borroka ere" erdigunean jarriko duela agindu du Sortuk.

Horrez gain, "praktika feminista garatzeko urrats berriak ematea" ezinbestekotzat jo dute eta feminismoak larunbateko batzarrean bere isla izango duela adierazi dute.

"Duela lau urte Plan Feminista osatzeko eta martxan jartzeko konpromisoa hartu genuen. Hala egin dugu, eta norabide horretan Kongresu hau baliatu nahi izan dugu urrats kualitatiboak emateko", erantsi dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Albisteak Nafarroa Iparraldea albisteak EAE albisteak Alderdi politikoak Zenbat hautagai daude hauteskundeetan? Albisteak Gaur Eguneko albisteak