Politika -
eh bilduren batzar nagusia
Euskal Herria Estatu bilakatzearen alde egin du Otegik, "guztia bertan erabakitzeko"
Barakaldoko BECen egindako EH Bilduren batzarrean, alderdiko koordinatzaile nagusiak "ahalik eta eskuduntza mailarik handiena" eskatu du.
agentziak | eitb media
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Euskal Herria Estatu subirano bilakatzearen alde egin du, "guztia bertan erabakitzeko, hemen bizi eta lan egiten dutenen artean", eta adierazi du alderdi independentista gobernatzeko prest dagoela.
Hauteskunde-ziklo berria prestatzeko Barakaldoko BECen egindako EH Bilduren Batzar Nagusian egin du agerraldia Otegik. Euskadi Estatu izatea lortzearen garrantzia azpimarratu du, "herriak, bertako jendeak" haren "oinarrizko beharrak bermatuta egotea behar duelako", eta "Estatu baten babespean dagoela jakitea".
Nabarmendu duenez, subiranotasuna "ez dira banderak, koloreak ezta identitateak ere; nork, zer eta non erabakitzen duen baizik". Era berean, adierazi du EH Bilduk "bertan" hartu nahi dituela erabaki guztiak, "hemen bizi eta lan egiten duten guztien artean".
Otegik aipatu egin ditu autogobernuaren "suspertze testuinguruan aurrerapen kualitatiboa" markatuko luketen ardatzak. Argitu du "Euskal Herria errespetua merezi duen nazioa" dela, eta hori hartu behar duela oinarri "edozein estatu politikok eta autogobernuko edozein aurrerapenek". Hala, xedea litzateke "ahalik eta eskuduntza mailarik handiena" lortzea, "aurretik ditugun erronka handiei aurre egiteko".
Gainera, "bermea" eskatu du, "geureak diren eskumenak inork ukitu ez ditzan". "Erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzeko" eta "euskal eta nafar lurraldeei euren artean izan nahi duten harremana erabakitzeko eskubidea errespetatzeko" ere eskatu du.
Otegiren aburuz, 2022an "presente" egongo da eztabaida hori, eta gaineratu du "herriak lidergo berria" behar duela.
Hori dela eta, nabarmendu du EH Bildu gai dela, beste indar politiko batzuekin batera, "bloke alternatibo hori artikulatzeko, anbizio nazionalei eta berdintasunezko gizarte bat eraikitzeari uko egingo ez diena" eta, gainera, "proposamen sektorial kontrastatuak ipiniko ditu martxan".