Politika -
ESPAINIAKO GOBERNUA
Berdintasun Ministerioa abortu legea aldatzeko lanean ari da, koaliziokideen arteko erabateko akordiorik gabe
Irene Montero buru duen Ministerioa lantzen ari den zirriborroaren arabera, 16 eta 17 urteko emakumeek ez dute gurasoen baimenik beharko abortatzeko.
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Berdintasun Ministerioa azken ukituak ematen ari zaio abortuaren legea berritzeko zirriborroari. Unidas Podemosek zuzentzen du Berdintasun Ministerioa, baina koaliziokide duen PSOErekin negoziatu beharko du testua aurrera ateratzeko. Irene Montero buru duen Ministerioa lantzen ari den zirriborroaren arabera, 16 eta 17 urteko emakumeek ez dute gurasoen baimenik beharko abortatzeko.
Irene Montero Berdintasun ministroak sarri askotan esana zuen 2021. urtea amaitzerako prest izan nahi zuela zirriborroa, baina atzeratu egin da. Lege erreformak hainbat aldaketa jaso nahi ditu, tartean, emakumearen aurkako indarkeria gisa aitortu nahi ditu indarkeria obstetrikoa eta haurdunaldi subrogatua.
Berdintasun Ministerioak hilabeteak daramatza inplikatutako kolektiboekin negoziatzen, eta, horrez gain, irailean kontsulta publiko bat ireki zuen. Zirriborro horretan jasotzen dira, besteak beste, emakumeek abortatzeko dituzten "oztopoak" amaitzea eta erabaki hori hartzen dutenek oraindik jasaten duen "estigma".
Kontsulta publiko horretan Berdintasun Ministerioak onartzen zuen 2010ean onartutako egungo legeak aurrerapen "nabarmenak" ekarri zituela, baina Osasun Ministerioaren datu batzuk ekarriz ohartarazten zuen 2019an gauzatutako abortuen % 87,1 ospitaleetatik kanpoko inguruneetan egin zirela, eta horietatik % 79 zentro pribatuetan. Gainera, zortzi probintziatan ez zen aborturik egin. Berdintasun Ministerioaren arabera, datu horiek agerian uzten dute abortua gauzatzeko dauden zailtasunak. Horregatik, Irene Montero ministroak behin baino gehiagotan defendatu du araua aldatu beharra, haurdunaldia eten nahi duten emakumeek zentro pribatuetara jo behar ez izateko ospitale publikoetako medikuek kontzientzia eragozpenari heldu diotelako.
Irailean Carolina Darias Osasun ministroak adierazi zuenez, Osasun Ministerioak ez du "inolako asmorik" medikuen kontzientzia eragozpenari zegokion atala aldatzeko, eta bi eskubideak partekatzearen alde hitz egin zuen.
Indarkeria obstetrikoari dagokionez, erditzearen inguruko protokoloak bateratzeko eta eguneratzeko beharra azpimarratu zuen Berdintasun Ministerioak, Munduko Osasun Erakundeak emandako gomendioekin bat eginez.
Unidas Podemos buru duen Berdintasun Ministerioak bere gobernukidearekin negoziatu beharko du azken testua aurrera ateratzeko. Unidas Podemos eta PSOE bat datoz puntu nagusian (16 eta 17 urte bitarteko adingabeek ez dute gurasoen baimenik beharko haurdunaldia eteteko). Laura Berja PSOEk Kongresuan duen Berdintasun bozeramaileak, baina, Irene Monterori agerraldi batean esan zionaren arabera, "gainerako gaiek ez dute lege-erreformarik behar".