Politika -
Neurketa
Erabakitzeko eskubidearen alde daude hiru euskal herritarretik bi, Naziometroaren arabera
Hain zuzen ere, EAEko herritarren % 64,4, nafarren % 62,5 eta Ipar Euskal Herriko herritarren % 60,6 agertu da horren alde, 600 galdekaturen artean jasotako datuetan oinarrituta, Naziometroaren hirugarren neurketak ondorioztatu duenez.
L.Z. | EITB MEDIA
2021eko azaroan egindako Naziometroaren neurketa berri bat eman du argitara Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiak astelehen honetan. Horretarako, 610 galdeketa egin dituzte Euskal Herriko herritarren artean. Besteak beste, erabakitzeko eskubidearen inguruan herritarrek duten iritzia jaso dute hirugarren neurketa honetan, eta hauxe da ondorioztatu dutena: hiru herritarretik bik uste dute beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketela. Hain zuzen ere, EAEko herritarren % 64,4, nafarren % 62,5 eta Ipar Euskal Herriko herritarren % 60,6 agertu da horren alde. 2020ko datuekin alderatuta, beraz, kopuru horrek behera egin du apur bat Nafarroan. Kontrara, igo egin da Ipar Euskal Herrian, eta berdintsu eutsi dio Euskal Autonomia Erkidegoan.
Independentziari buruz galdetuta, kontra agertu dira galdekatuen % 42,1, eta aldeko jarrera erakutsi dute % 26,4k. Halere, alderdi guztien artean eta Espainiako eta Frantziako estatuekin adostutako galdeketa bat egingo balitz, herritarren % 40 azaldu da Estatu bat eratzearen alde; % 29 kontra.
Aieteko adierazpenaren hamargarren urteurrena ere izan dute aztergai, eta galdekatuen % 65ek uste dute oraindik ere gatazka ez dagoela erabat itxita. Konpondu gabe dauden gaien artean, (Naziometroak emandako aukeretan oinarrituta), ezker abertzaleak eta Espainiako Gobernuak egindako kaltea onartzea eta torturak berriz ez errepikatzeko bermea ezartzea lehenetsi dituzte.
Gizarte gaiei helduta, klima aldaketak hartu du oraingo honetan pisu handiena. Euskal herritarren gehiengoaren, % 93, iritziz, arazo larria da aipatutakoa, eta hamarretik zazpik diote gobernuek ez dute afera horri aurre egiteko nahikoa lan egiten.