Politika -
Iruñeko Aurrekontuak
Iruñeko udal oposizioak gehiengoa baliatu eta atzera bota du 2022ko aurrekontuen proposamena
Garbiñe Bueno Joxe Abaurrearen ordez zinegotzi izendatu izanak normalizatu egin du azken bozketa, eta gehiengoa eman dio oposizioari. Kontra bozkatu dute EH Bilduko, PSNko eta Geroa Baiko 14 zinegotziek eta alde Na+ alderdiko 13k. Aurrekontu luzapenaz funtzionatuko du hiriak 2022an.
O.P. | Eitb Media
Iruñeko Udalbatzak atzera bota ditu gobernuan dagoen NA+ alderdiak proposaturiko 2022ko aurrekontuak. Navarra Sumako 13 zinegotzien aldeko botoa baino ez dute jaso aurrekontuek, kontrakoak, berriz, 14, EH Bilduko PSNko eta Geroa Baiko zinegotzienak. Hala, Iruñeko Udalak iazko aurrekontuak luzatu beharko ditu.
Aurrekontuen proposamena 253 milioi eurokoa zen, iazkoak baino % 7,3 gehiago. Iaz, aurten ez bezala, PSNren babesa izan zuen NA+k eta 235,9 milioiko aurrekontuak onartu zituzten orduan. Bada, aurrekontu horrekin jarraitu beharko du beste urtebetez.
Oposizioaren gehiengoa zalantzan egon da azken egunotan, Joxe Abaurrea zinegotziak dimisioa eman ondoren; akordio judizial bat lortu zuen Abaurreak 2019ko txupinazoan izandako istiluengatik irekitako auziari amaiera emateko.
Zinegotzi bat gutxiagorekin, oposizioak 13 zinegotzi batuko zituzkeen gaur, Na+ alderdiak bezalaxe. Enrique Maya alkateak kalitatezko botoa erabiliko zuela iragarri zuen aurrekontuak onartzeko, baina azkenean ez da horrelakorik gertatu, gaurko osoko bilkuraren hasieran Garbiñe Bueno EH Bilduren zinegotzi berriak kargua hartu baitu, eskubide osoz jada, eta horrek azken bozketa normalizatu du eta oposizioari eman dio gehiengoa.
Alkateak deitoratu duenez, "une kezkagarri bati aurre egoteko ilusioz betetako" aurrekontuak aurkeztu dituzte eta gainerako taldeek "ezereza" eskaini dute, ez dutelako "zuzenketa bakar bat ere aurkeztu".
Taldeen txandan, Joseba Asironek (EH Bildu) errefusatu egin du proposamenaren "bodrio errepikakorra, irreala eta asmo txarrekoa", eta, esan duenez, Mayaren nahi bakarra da "hiri honen interesak Nafarroako Gobernuarekin aurrez aurre jartzeko aitzakia huts bilakatzea". Gaineratu du, behin aurrekontuak baztertuta, "hiri honi gerta dakiokeen gauzarik onena" dela "udal honetako gehiengo aurrerakoiak aurrekontuen gidaritza hartu eta alkatetza negargarri honen noraez kaotikoa behingoz bideratzea".
PSNren aldetik (iaz Na+ alderdiarekin adostu zituen aurrekontuak), Maite Esporrinek aurrekontu "kontinuisten" aurkako botoa eman izana argudiatu du. "Ezer berririk ez dakartelako, eta irrealak, gezurrezko diru-sarreretan oinarritzen direlako" eta hiria zorpetzea dakartelako. Era berean, Na+ alderdiak iazko ituna "urratu" zuela esan du, sozialistentzat "oso garrantzitsuak" diren proiektuetan, Sarasate pasealekua eta Erorien Pasealekua kasu.
Era berean, Javier Leozek (Geroa Bai) Na+ alderdiaren aurrekontuekin "Iruñeko herritarrei egindako engainu handia" arbuiatu du. "Guztiok dakigu aurrekontu horiek gauzaezinak direla, egongo ez diren ustezko diru-sarrera batzuetan oinarritzen direlako, eta, beraz, defizita izango dute, eta zati bat ezingo da gauzatu". Gaineratu duenez, proposamena egin duenak badaki hori dena, eta aurrekontuak "Nafarroako Gobernuaren aurka jotzeko tresna gisa" erabiltzen ari da, ez besterik, "ez da haiek negoziatzen ere saiatu".