Politika -
Adierazpen askatasuna
Belgikako justiziak uko egin dio berriro Valtonyc Espainiaratzeari
Ganteko Apelazio Auzitegiak berretsi egin du Belgikako epaileek Josep Miquel Arenas Mallorcako raperoa (Valtonyc) ez estraditatzeari uko egin diotela, Espainiako Justiziak mehatxuengatik, terrorismoa goratzeagatik eta Koroa iraintzeagatik zigortu ostean.
O.P. | Eitb Media
Ganteko Apelazio Auzitegiak berretsi egin du Belgikako epaileek Valtonyc gisa ezaguna den Josep Miquel Arenas Mallorcako rap abeslaria ez estraditatzeari uko egiten zioteneko ebazpena. Espainiako Justiziak mehatxuengatik, terrorismoa goratzeagatik eta Koroa iraintzeagatik hiru urtera zigortu zuen kantaria eta ihes egin zuen Belgikara orduan.
Valtonycen abokatuek garaipen gisa ospatu dute epaia, euren borrokari babesa ematen diolakoan eta uste dutenez, lege aldaketak ekar ditzake ebazpen honek Belgikako ordenamendu juridikoan.
Hala ospatu du Simon Bekaert abokatuak Twitterren:
Hala ere, Fiskaltzak helegitea aurkez dezake eta bide legala agortu, kasazio Auzitegira joz.
2018ko ekainean Espainiatik ihes egin zuen raperoaren estraditazioa atzera bota zuten epaileek. Orduan, bigarren auzialdi bat zabaldu zen, urtebete baino gehiagoz luzatu den; prozesu honen baitan, Ganteko epaileak Belgikako konstituzionalari helarazi zion erregeari egindako erasoen kasua.
Magistratuak Belgikako 1847ko legeari eutsi zion, erregearen figura babesten duena, baina Auzitegi Gorenak Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen, eta nabarmendu adierazpen askatasunarekin talka egiten duela eta ez diola erantzuten premiazko beha sozial bati. Zigorra, gainera, "erregearen pertsonaren ospea babesteko helburuarekiko neurriz kanpokoa" dela ebatzi zuen.