Politika -
EAJ
Estebanen ustez, Sanchezek "hauteskundeak deituko ditu edozein faktore demoskopiko sortzen bada"
Gainera, "Senatua kendu" beharko litzatekeela esan du, erabilgarritasunik ez duelako. "Espainiako demokraziak ezin hobeto iraun lezake ganbera hori gabe", gaineratu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen ustez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "ez du hauteskundeak deitzeko zalantzarik izango edozein faktore demoskopiko sortzen bada".
Gainera, El Correon egindako elkarrizketa batean, "Senatua bertan behera utzi" beharko litzatekeelka gogorarazi du ordezkari jeltzaleak. "Espainiako demokraziak ezin hobeto iraun lezake ganbera hori gabe", gaineratu du.
Pandemiaren ondorioz, "egoera ez da erraza edozein agintarirentzat", adierazi du Estebanek, eta EAJk Sanchezekin duen harremana "ona da, nahiz eta bere uneak izan", adierazi du.
Bestalde, Estatuko legealdia amaitzeko orain "baldintza gehiago" daudela uste du.
"Aurrekontu hedakorrarekin eta Europako funtsen etorrerarekin, zentzuzkoa litzateke luzatzea eta gai hori hauteskundeetako tentsioarekin ez nahastea. Eta Sanchezek etekina atera nahiko dio EBko presidentetzari, Europan ondo mugitzen delako. Dena den, edozein faktore demoskopiko agertzen bada, ez du hauteskundeak deitzeko zalantzarik izango", ohartarazi du.
Bestalde, Senatua "bertan behera" utzi beharko litzatekeela esan du. "Ez du erabilgarritasunik eta ez da benetako ordezkaritza autonomikoko ganbera bihurtuko, beti egongo direlako PSOEren edo PPren gehiengoak", adierazi du.
"Eta non daude egiturazko lurralde-arazo nagusiak? Katalunian eta Euskadin, eta beste arrazoi batzuengatik, Kanarietan. Guk gure diskurtsoa izaten jarraituko dugu, baina Espainiako demokraziak ezin hobeto iraun lezake Senaturik gabe", argudiatu du.