Politika -

Gabonetako mezua

Felipe VI.ak covid-19aren aurka "ahal den guztia egitera" animatu du, "atzerapausorik ez emateko"

Pandemian eta ekonomiaren eta gizartearen susperraldian oinarritu da bere hitzaldia, baina erakundeetako kargudunen zereginean ere jarri du arreta.

Felipe VI.a bere hitzaldian. Irudia: EFE
Felipe VI.a bere hitzaldian
Felipe VI.a bere hitzaldian. Irudia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren birusaren aurrean atzerapausorik ez emateko ahal dena egiteko deia egin die erregeak herritarrei, "arriskua ez da desagertu" eta "erantzukizun indibidual eta kolektibo handienarekin" jokatzen jarraitu behar dela esan ostean.

Felipe VI.ak arreta jarri duen gaietako bat pandemiarena eta haren ondorioena izan da, Espainiako Gobernuak maskarak derrigortzeko neurriak hartu baititu kutsatzeen egoera gogorra dela eta.

"Birusak oraindik min emateko gaitasuna du. Oso azkar transmititzen ari da berriro, beraz, arriskua ez da desagertu. Alderantziz. Horregatik, kontuz ibili behar dugu, geure burua babestu eta erantzukizun indibidual eta kolektibo handienarekin jardun. Guztiok ahal duguna egin behar dugu hainbeste sufrimendu eragin duen osasun krisi honetan atzerapausorik ez emateko", adierazi du.

Erregeak gogora ekarri ditu koronabirusaren biktimak (88.800 hildako inguru 2020ko martxotik, osasun erregistro ofizialen arabera), eta osasun langileak omendu ditu berriro: "Eskerrik asko, gure babes eta animo guztiarekin".

Telebistan egindako zortzigarren hitzaldian, pandemian eta susperraldi ekonomiko eta sozialean oinarritu da, baina erakundeetako kargudunen zereginean ere jarri du arreta. "Interes orokorrak beti gogoan izateko eta herritarrengan pentsatzeko" deia egin die, haien arazoei erantzuteko.

Ez dio aipamen zuzenik egin Juan Carlos I.ari, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak ikerketa artxibatuko duen zain daudelarik. Felipe VI.ak ziurtatu duenez, erakundeek, baita Koroak ere, "legeak errespetatu eta bete behar dituzte eta osotasun publiko eta moralaren eredu izan behar dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errege-etxea Politika Juan Carlos I.a Espainiako Felipe VI.a Espainia Gabonak Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa