Politika -

Presoak

Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eskatu dute, Antton Troitiñoren heriotza azkena izan dadin

Etxeratek eta Sarek babestuta, Antton Troitiñoren senideek salatu dute euskal presoei aplikatzen zaien espetxe-politika "ankerra" dela.

Antton Troitiñoren senideak, Etxerateko eta Sareren ordezkariekin batera. Argazkia: @EtxeratElkartea
Antton Troitiñoren senideak, Etxerateko eta Sareren ordezkariekin batera. Argazkia: @EtxeratElkartea
Giza eskubideak errespetazen dituen espetxe sistema aldarrikatu dute Sarek eta Etxeratek

0:55

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antton Troitiñoren senideek agerraldia egin dute gaur goizean Donostian, Etxerat eta Sare elkarteeko ordezkariek lagunduta. ETAko preso ohiaren heriotza deitoratu dute eta espetxe sistema ankerra dela salatu dute.   

Troitiño joan den ostiralean hil zen Irungo Ospitalean, gaixotasun larri baten ondorioz. 64 urte zituen eta urtarrilean eman zioten baldintzapeko askatasuna.

Familiaren bozeramaile gisa hitz egin duen Irati Aranzabalek azpimarratu duenez, "errepresioak eta kartzelak bere gaixotasuna elikatzen lagundu dute eta narriadura gupidagabea izan da".

Bestalde, Patricia Velez Etxerateko ordezkariak adierazi du "Espainiako Auzitegi Nazionalaren biktima" izan dela, osasun egoera larrian zegoen presoa aske uzteko epeak luzatu zituelako.  

Espetxeetako sistemak giza eskubideak bermatu behar dituela nabarmenduta, larriki gaixorik dauden 20 euskal presoak berehala aska ditzatela eskatu du.

Ildo horretan, gaur arratsaldean (19:00) manifestazioa egingo dute Donostian, "gaixotasun larriak dituzten euskal presoak aska ditzatela eskatzeko, Troitiñoren heriotza azkena izan dadin".  

Troitiño 1987an atxilotu zuten eta 2011n atera zen kartzelatik zigorra beteta. Hala ere, egun batzuk geroago ebazpen hura baliogabetu egin zuten, baina ordurako Londresera ihes egin zuen.

2017ko maiatzean utzi zuten Espainiaren esku eta 2018an bost urte eta sei hilabeteko beste zigor bat ezarri zioten.

Auzitegi Nazionaleko Espetxeetako Epaitegiak joan den urtarrilean eman zion baldintzapeko askatasuna eta joan den abenduaren 17an hil zen minbiziak jota.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak