Politika -
NAFARROA
Iruñeko Udaleko oposizioko taldeek planto egin dute, Enrique Mayaren "trikimailu antidemokratikoa" salatzeko
EH Bildu, PSN eta Geroa Bai udal taldeek salatu dutenez, Enrique Maya alkateak Joxe Abaurrea EH Bilduren Iruñeko zinegotziaren dimisioa baliatu du bestela aurrera egingo ez zukeen proposamen bat onartzeko.
AGENTZIAK | EITB Media
Iruñeko Udaleko oposizioko taldeek (EH Bildu, Geroa Bai eta PSN) planto egin dute bart eta udalbatzaren osoko bilkuratik irten dira protesta gisa. EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik salatu dutenez, Enrique Maya alkateak Joxe Abaurrea EH Bilduren Iruñeko zinegotziaren dimisioa baliatu du bestela aurrera egingo ez zukeen proposamen bat onartzeko. Oposizioaren esanetan, "trikimailu antidemokratikoa eta joko zikina" erabili ditu Mayak.
Navarra Sumak gizarte zerbitzuen finantzaketari buruzko proposamen bat onartu zuen atzo. Bozketan, 13nako berdinketa egon zen, eta alkateak kalitatezko botoa baliatu zuen berdinketa hausteko.
Iragan astean Joxe Abaurrea EH Bilduko zinegotziak dimisioa eman zuen, 2019ko sanferminetako txupinazoan izandako liskarrengatik sei hilabeteko kartzela zigorra onartu ostean.
Orain ikusteke dago Joxe Abaurrearen ordezkoa abenduaren 30eko osoko bilkuraren aurretik izendatuko duten ala ez. Hori gertatu ezean, Navarra Sumak kalitatezko botoa baliatuko du berriro Aurrekontuak onartzeko.
Kasu horretan, Geroa Baik aurreratu du zentsura-mozioa aurkeztuko duela Iruñeko alkatearen aurka.