Politika -

MEMORIA ETA AITORTZA

Eusko Jaurlaritzak ETAren 86 biktima aitortu ditu, 1968-1979 aldiko argitu gabeko kasuetakoak

"Ezin dizuegu bizitza itzuli, baina duintasuna bai", ziurtatu du Beatriz Artolazabal Justizia sailburuak Bilbon egindako ekitaldian.

Memoriaren Eguneko aurtengo ekitaldia Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: Irekia
Memoriaren Eguneko aurtengo ekitaldia Eusko Legebiltzarrean
Jaurlaritzak oroimen koadernoak eman dizkie 1968-1979 artean ETAk hildako 86 biktimaren senideei

0:46

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Memoriaren eta Aitorpenaren Koadernoak banatu dizkie gaur ETAren 86 biktimaren senideei. Fase honetan, 1968 eta 1979 artean ETAk egin zituen baina argitu gabe dauden atentatuetako biktimak aitortu ditu Jaurlaritzak.

Aipatu 86 biktima horietako 85 gizonak dira, eta emakumea da bestea. Biktimak lurraldez lurralde bereizita, 39 Bizkaikoak dira, 38 Gipuzkoak eta 9 Arabakoak.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua buru izan duen ekitaldian, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordea eta AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko ordezkari bat ere egon dira. 86 biktima horien familiak ordezkatuz, 20 bat senide egon dira bertan.

"Ezin dizuegu bizitza itzuli, baina duintasuna bai", ziurtatu du Beatriz Artolazabal Justizia sailburuak Bilbon egindako ekitaldian.

Eusko Jaurlaritzak egindako koadernoek, Terrorismoaren Biktimen Elkartearekin (AVT) elkarlanean, Iñigo Urkullu lehendakariaren agiri bat barneratu dute, non buruzagiak hilketa bakoitzaren "bidegabekeria" nabarmendu eta Eusko Jaurlaritzaren "aitortza instituzionala" egin du.

"ETAk herri honetatik ezabatu nahi izan zituen izaki anonimoak, kontzeptuak eta entelekiak ez zarete. Hezur-haragiko pertsonak zarete. Ezin dizuegu bizitza itzuli, baina duintasuna bai", azaldu du Artolazabalek.

Deustuko Unibertsitateko Liburutegiak koadernoak banatzeko ekitaldia hartu du arratsaldean.

Minutu bateko isilunea ekitaldia. Argazkia: EFE

Ekitaldia hasi baino lehen, biktima guztien omenez minutu bateko isilunea gorde dute. Beatriz Artolazabalek Luis Santos Hernandez eta Argimiro Garcia Estevez, eta Diego Fernandez-Montes gogora ekarri ditu, guztiak abenduaren 17an hildakoak, 1974an Arrasaten eta 1978an Donostian, hurrenez hurren.

Memoriaren eta Aitorpenaren Koadernoek txosten batean jaso dute ETAren biktimak nortzuk, nola bizi eta hil ziren 1968tik 1979ra bitartean, baita senideek AVTren laguntzarekin emandako material grafikoa ere.

Artolazabalen ahotan, Koadernoak biktimen "egia eskubideari ekarpena" egiten diote, argitzeke dauden kasuetan. "Egia merezi duzue, adjektiborik gabe", esan die.

Ildo horretan, ekimenaren hiru helburuak hildakoen memoria "bizirik mantentzea", familiak laguntzea eta "terrorismoaren biktimekin konpromiso irmoa" berrestea direla azpimarratu du sailburuak.

Biktimak hil zituzten udalerriak zerrendatu ditu sailburuak, "sekula marraztu behar izan ez zen irudizko mapa" baten zati bezala. "Udalerri horietan zuen senarrak, gurasoak, anai-arrebak, koinatuak, lagunak bidegabe hil zituzten", salatu du.

Horregatik, diktaduraren azken  eta demokraziaren lehen urteetan ETAren "basakeria eta bidegabekeria" kritikatu ditu. "Zerbitzari, bake epaile, dendari, guardia zibil, polizia, udaltzain, taxilari, kazetari gisa gogorarazi nahi ditugu", adierazi du.

Aurresku eta familia argazki baten ostean, ekitaldiaren bigarren zatiari heldu diote. Hiru familiaren testigantza entzun dute. Sonia Hernando kazetariak ekitaldia zuzendu du. Solasaldian Jose Maria Garciak, Argimiro Garciaren semeak (1974ko abenduaren 17an hil zuten); Rosa Vadillo Urangak, Epifanio Benito Vidal Vazquezen alargunak (1978ko urriaren 25ean eraila); eta Eulalia Rodriguezek, Jesus Maria Colomo Rodriguezen alargunak (1979ko uztailaren 21ean hil zuten) hartu dute parte.

Beti Alai Dantza Taldeko Jon de la Hera eta Alazne Zabala dantzariek aurresku bat da dantzatu dute, eta Jose Bixente Arriola eta Javi Mugerza musikariek Agur Jaunak jo dute minutu bateko isilunean zehar.

Bestalde, Ennio Morriconeren El Oboe de Gabriel eta Canon de Pachelbel, Leonard Cohenen Hallelujah, Pietro Mascagniren Air de Bach eta Cavallería rusticana jo ditu Euterpe hirukoteak. Cold Playren 'Viva la vida' abestiarekin amaitu da ekitaldia.

Beatriz Artolazabal sailburuaren eta biktima baten arteko besarkada. Argazkia: EFE

Urkulluren esanetan, Memoriaren eta Aitorpenaren Koadernoek agerian uzten dute Jaurlaritzak "egiarako eskubidearekin" duen konpromisoa

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur azaldu duenez, gaur arratsaldean egin den ekitaldiak agerian uzten du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa biktimek "egia jakiteko duten eskubidearekin".

Eusko Legebiltzarreko gaurko kontrol-saioan, Voxeko legebiltzarkideak argitu gabeko ETAren atentatuen inguruan galdetu dio lehendakariari. Bere erantzunean, Urkulluk egia ezagutzeko eta justizia izateko eskubidea aitortu die terrorismoaren biktimei, baina onartu du "justizia materiala" lortzeko bidean biktimei erreparazioa egitea Jaurlaritzaren eskumenetatik kanpo dagoela.

Memoriaren eta Aitorpenaren Koadernoak AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearekin elkarlanean egin ditu Eusko Jaurlaritzak. Lehendakariaren arabera, koaderno bakoitzean aitortzen da bertan aipatzen diren pertsonek jasandako indarkeria "bidegabea eta zentzugabea" izan zela.

Urkulluren esanetan, gaurko ekitaldian "giza aitorpena eta aitorpen etikoa" egin nahi diete biktimei. Gaineratu duenez, Jaurlaritzak lanean jarraituko du ETAren indarkeria "inoiz gertatu behar ez zen bidegabekeria" izan zela agerian uzteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Istiluak Bilbon gaur Eusko Jaurlaritza berriak ETA albisteak Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideen urraketak frankismoan Terrorismoaren Biktimak Gaur