Politika -
Errege emeritua
Juan Carlos I.ak Corinnari eman zizkion 65 milioien inguruko auzia partzialki itxi du Suitzak
Errege emeritua ez zuten ikertu auzian. Lucum Fundazioa zen ikerketaren jomuga, eta Corinna Larsen eta bankari batzuk ikertzen ari ziren.
Agentziak | EiTB Media
Yves Bertossa Suitzako fiskalak Lucum Fundazioaren gaineko ikerketa partzialki itxi du. Corinna Larsen errege emerituaren amorante ohia eta Arturo Fasana eta Dante Canonica bankariak ikertzen ari ziren auzian.
Panamako fundazioaren onuraduna zen Juan Carlos I.a. Saudi Arabiako Abdala erregeak 2008an 100 milioi dolarreko (65 milioi euro) ekarpena egin zion fundazioari.
Auzia ixtea erabaki du Suitzako Fiskaltzak agiri batean; beraz, ikertu guztiak libratu dira, baita Larsen bera ere. Errege ohiak diru kopuru bera eman zion amoranteari 2012an. Hala ere, errege emeritua ez zuten ikertu auzian.
Bertossa fiskalak kapitalak zuritzea egotzi zien auzipetuei, 65 milioi euroko dohaintzan gardentasun falta argudiatuta.
Hala ere, ikerketak "Saudi Arabiaren eskutik jasotako diru kopuruaren eta abiadura handiko trena eraikitzeko kontratuen artean lotura nahikorik ez du finkatu".
Horregatik, Ministerio Publikoak auzia partzialki artxibatzea erabaki du, froga nahikorik ez duelako aurkitu. Hala ere, prozesu-kostuak, 200.000 franko suitzar, demandatuek ordaindu beharko dituzte.
Gainera, ikerketa bukatuta, Fiskaltzaren arabera, auzipetuek Lucum fundazioa eta beste elkarte batzuk dirua "ezkutatzeko borondatearekin" erabili dituzte.
Gaur "azkenean" erantzukizunetik libratu dutela azpimarratu du Corinna Larsenek ohar labur batean, Suitzako fiskalak hiru urteko ikerketa itxi ondoren. Larsenen ahotan, bere errugabetasuna "bistakoa zen hasieratik". Horregatik, pasartea bere irudiari "kalte are handiagoa egiteko balio" izan duela deitoratu du emakumeak.
Bestalde, Larsenek errege emeritua Londreseko auzitegian aurrean salatu du. Auzia egun hauetan ebatziko du Erresuma Batuko Justiziak. Enpresaburuaren hitzetan, CNIk eta Felix Sanz Roldan zuzendariak, edo bere izenean ala Juan Carlos I.aren izenean lan egiten zuten pertsonak, bera eta bere ingurukoak "zaintzapean" jarri zituzten, "etxean sartuz eta telefonoak eta ordenagailuak zelatatuz".
Azkenik, Suitzako Fiskaltzaren erabakia baloratzea baztertu du Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak astelehen honetan. Ebazpen judizialen edo fiskalen erabakien inguruan adierazpenak egitea "Gobernuari ez dagokiola" esan du ministroak Iruñean.