Politika -
Protokoloa
Nafarroaren eta Euskadiren arteko protokolo berria sinatu dute Maria Chivitek eta Iñigo Urkulluk
Protokolo horrek 2016koa berritu eta handitu egiten du, eta erakusten du "borondatea" dagoela harremanarekin jarraitzeko: "Asmoa da herritarrei zerbitzu hobeak bermatzea, erakunde-zintzotasunetik".
Agentziak | EITB Media
Maria Chivite Nafarroako presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak Nafarroaren eta Euskadiren arteko protokolo berria sinatu dute ostiral honetan. Protokolo horrek 2016koa berritu eta handitu egiten du, eta erakusten du "borondatea" dagoela bi autonomia-erkidegoen arteko harremanari eusteko: "Asmoa da herritarrei zerbitzu hobeak bermatzea, erakunde-zintzotasunetik".
Bi lehendakariek baloratu dute Iruñean, bilera egin eta gero. Topaketa instituzionala izan da, eta bi gobernuetako hainbat kidek ere parte hartu dute bertan; izan ere, protokoloak ia 30 arlori eragiten die, tartean kulturari, ekonomiari, elkarbizitzari edo hezkuntzari.
Kazetariei egindako adierazpenetan, Chivitek gogora ekarri du aspaldi hasi zirela "auzokoak diren bi erkidego hauek" elkarrekin lanean: "Bi gobernuentzako interesgarriak diren zenbait gairi heldu izan diegu, baina, bereziki, bi erkidegoetako herritarrentzako izan da lan hori", esan du. Hemendik aurrera, ildo horretan, asmoa da horrela jarraitzea, "erakunde-zintzotasunetik, helburua izanik herritarrei zerbitzu hobeak eskaintzea".
Urkulluren esanetan, Nafarroa eta Euskadi "anaia-arrebak diren bi erkidegoak dira": "Harreman berezia dugu, berebiziko kidetasuna dugu, historia-, kultura-, hizkuntza- eta ekonomia-arrazoiengatik, bai eta arrazoi soziokulturalengatik ere", nabarmendu du, eta, horrez gain, agerian utzi du bere "borondatea" dela "elkarrekin lan egiten jarraitzea".
Ostiral honetan sinatutako dokumentuari dagokionez, jada indarrean dauden hainbat arlo gaurkotu egiten ditu, eta beste batzuk sartzen ditu; guztira, lanean ibiltzeko 29 arlo aurreikusten ditu.
"Jarrera konstruktibo partekatua", Abiadura Handiko Trenaren gainean
Testuinguru horretan, Urkulluk eta Chivitek zehaztu dute Nafarroak eta Euskadik "jarrera konstruktiboa" partekatzen dutela Abiadura Handiko Trenak bi erkidegoen artean izango duen loturaren ibilbidearen gainean; aldezten dute tartean dauden hiru administrazioek, alegia, Estatukoak eta bi autonomia-erkidegoetakoek, "batera hausnartzea aukera guztien gainean".
Nafarroako presidentea eta lehendakaria zain daude, Espainiako Gobernuak aukerak ofizialki aurkeztu arte; izango dira Euskal Y grekoa Gasteizen ala Ezkio-Itsason lotzea.
Biek esan dute azken erabakian parte hartu beharko luketela: "Gure gogoa", esan du lehendakariak, "Jaurlaritzarena eta Nafarroako Gobernuarena, erabaki horretan parte hartzea da. Espainiako Gobernuak badaki jarrera konstruktibo hori dugula", adierazi du Urkulluk.