Politika -
konstituzioaren eguna
Konstituzioan euskal nazioa aitortzeko eta aldebikotasuna jasotzeko eskatu du EAJk
Aitor Esteban Kongresuko jeltzaleen bozeramaileak "epaile neutrala" eskatu du. Haren arabera, Konstituzio Auzitegiak "ez du funtzio hori betetzen".
agentziak | eitb media
Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak "euskal nazioaren aitortzea" eta Euskadiko eta Estatuko erakundeen arteko aldebikotasuna barne hartuko dituen Konstituzio baten alde egin du, eta "epaile neutrala" eskatu du, argudiaturik Konstituzio Auzitegiak ez duela "funtzio hori betetzen".
Konstituzioaren Eguna dela eta Bilbon hedabideen aurrean egindako adierazpenak dira. Estebanek gogora ekarri du bere unean EAJk ez zuela Konstituzioa babestu eta abstentzioaren alde egin zuela. Era berean, nabarmendu du gaur egun ez dagoela ados horren "alderdi askorekin". Konstituzio hori, adierazi duenez, "Konstituzio Auzitegiaren epaien bitartez eta Estatuak onetsitako dekretuen bitartez berrinterpretatzen joan da".
Hala, Estebanen arabera "urte horietan ulergarriak ziren gauza asko erabat iraulita daude" egun, Kataluniako Estatutuaren inguruko epaiaz geroztik, bereziki. Gaineratu duenez, "esan daiteke segurtasun juridiko falta dagoela gai askotan, batez ere, gai autonomikoetan".
Jeltzaleen bozeramailearen ustez, gaur egun eraldaketa konstituzional bati buruz hitz egitea "ameskeria hutsa da". Azaldu duenez, "egoera ez dago horretarako moduan eta, gainera, inork benetan serio hartuko balu, lasaitasunez hitz egin beharko genuke fokuetatik at, pixkanaka adostasun batera iristeko, erreforma egin aurretik".
Gainera, Estebanek mezua zabaldu du sare sozialen bitartez, bere adierazpen publikoaren gakoekin.