Politika -
Konstituzioaren eguna
Llotja de Marreko adierazpenaren sinatzaileek salatu dute eskubideak urratzeko tresna dela Konstituzioa
Alderdi horien arabera, Konstituzioaren izenean "gure herrien borondate demokratikoaren garapenari bide ematea eragozten da" eta "helburutzat hura duen edozein ariketa demokratiko kriminalizatu eta zigortu egiten da".
agentziak | eitb media
Llotja de Marreko Adierazpena sinatu zuten Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Balearretako alderdiek salatu dute Espainiako Konstituzioa "oinarrizko eskubide demokratikoak biolentatzeko instrumentu" bihurtu dela.
Alderdiok (EH Bildu, ERC, Junts, CUP, BNG, MES per Mallorca eta MES per Menorca) adierazpen bat sinatu zuten 2019ko urriaren 25ean Kataluniako krisi politikorako akordioa eskatzeko, autodeterminazioa defendatzeko eta "preso politikoen" askatasuna aldarrikatzeko.
Orain, Espainiako Konstituzioaren 43. urteurrenaren harira, beste adierazpen bat kaleratu dute, eta salatu Konstituzioaren izenean "gure herrien borondate demokratikoaren garapenari bide ematea eragozten" dela eta "helburutzat hura duen edozein ariketa demokratiko kriminalizatu eta zigortu" egiten dela.
"Konstituzio hau egiturazko eragozpen bat bezala agertzen da gure nazioen etorkizun demokratikoaren aurrean; ondorioz, ezinbestekoa da beronen erreforma erradikal bat, hala Estatu ereduaren ikuspegitik nola eskubide sozialen alorrean ere", azaldu dute.
Adierazi dutenez, "Estatuari plurinazionalitatean eta herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat eskatzen jarraituko dugu, baita honen alde borrokatzen ere, gure herrietako herritarrek euren eredu politikoa eta Estatuarekiko izan nahi duten harremana demokratikoki erabakitzeko aukera izan dezaten".
"Nazioak gara eta demokratikoki erabaki nahi dugu gure etorkizuna", azpimarratu dute alderdiek, Konstituzioari buruz ondokoa gaineratu aurretik: "Agortua eta hainbat eremutan betegabea ez ezik, zanpatua ere izan da hainbat aldiz Diputatuen Kongresuko aldebakarreko ekintza legegilearen ondorioz, bai eta Estatuaren birzentralizazio instrumentu bilakatutako Auzitegi Konstituzionalaren etengabeko interbentzio inbaditzailearen ondorioz ere".
"Honetaz guztiaz gain, zilegitasun defizit argi bat daukan Konstituzio baten aurrean gaude. Gure nazioetako zein Estatuko gaur egungo biztanleriak ez du izan honen eduki nagusien inguruan bere iritzia emateko aukerarik: monarkia, lurralde eredua, eskubide sozialak...", nabarmendu dute.
"Ondorioz, agortua dagoen Konstituzio baten aurrean gaude, zilegitasunik ez duen Konstituzio baten aurrean, gure aspirazio demokratikoak baldintzatu eta determinatzen dituen Konstituzio baten aurrean", gaineratu dute.
Horregatik, uste dute "egiturazko aldaketak" egiteko garaia dela: "Are gehiago, diskurtso eta posizio inmobilistak ematen badira ere, Estatua bera ere kosziente da ziklo konstituzionalaren amaieraz eta hau erreformatzeko beharraz".
Adierazpenean ohartarazi dute "nazio auziaren gaineko eztabaida presente" egongo dela eta "prest" egon behar duutela "elkarrekin gure posizioa defendatzeko". "Azken 40 urte hauetan munduak sakoneko aldaketak ezagutu ditu eta aurreikusi daiteke hurrengo hamarkadan ere eraldaketa disruptiboak eman daitezkeela", Llotja de Marreko adierazpenaren sinatzaileen arabera.
Azkenik, berretsi dute horrek guztiak "are nabarmenago" egingo dutela "etorkizuneko erronkei nazio eta herri bezala erantzuteko beharrezkoak izango zaizkigun tresna eta erabaki ahalmenak".