Politika -
Ikus-entzunezkoen Kontseilua
Eusko Legebiltzarrak uko egin dio EH Bilduk proposatutako Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua sortzeari
Koalizio abertzalearen lege proposamenak Elkarrekin Podemos-IU taldearen babesa baino ez du izan; Ganberako gainerako alderdiek ekimen legegilearen aurka bozkatu dute. EAJk eta PSEk diote badirela dagoeneko hedabideen funtzionamendu egokia kontrolatzeko foroak.
Agentziak | Eitb Media
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du EH Bilduk Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua sortzeko aurkeztutako lege-proposamena. EH Bilduk organo independente bat sortzea proposatzen zuen, Euskal Herriko komunikabide publiko naiz pribatuetan ikus-entzunezko edukiak arautzeko eta zehapen-araubide bat ezartzeko.
Koalizio abertzalearen lege proposamenak Elkarrekin Podemos-IU taldearen babesa baino ez du izan; Ganberako gainerako alderdiek ekimen legegilearen aurka bozkatu dute.
Eusko Jaurlaritzak joan den ekainean adierazi zuen lege-proposamen hori aintzat hartzearen aurkako irizpidea zuela, eta baztertu egin zuen hura tramitera onartzea; orduan esan zuenez badaude proposamenak planteatzen dituen gai horiek berak aztertzen dituzten eta "behar bezala" funtzionatzen duten beste organo eta foro batzuk.
Legebiltzarreko eztabaidan, Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak esan du Eusko Jaurlaritzak baduela eskumena kontseilu hori sortzeko, bai eta ikus-entzunezko lege bat sortzeko ere; hori dela eta, uste du proposamen honi uko egitea "utzikeria ozena" dela, eta deitoratu du ez dutela "eztabaidatzeko ere aukerarik" eman.
"Txarragoa dena, zuek ez duzue proposamenik. Ez dute ezer eskaintzeko, ez ona ez txarra. Lehengo lepotik burua. Ez duzue maila eman. Ez diezeue aurre egin nahi gurea bezalako estaturik gabeko nazio txiki baten komunikazio-erronkei. Ez duzue ikus-entzunezkoak arautzeko beharrik ikusten, gure nortasunak, kulturak eta hizkuntzak bizirik iraun dezaten?", galdetu du.
Gustavo Angulo Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak kritikatu duenez, Gobernuak eta hura sostengatzen duten talde parlamentarioek "eztabaida amaitutzat ematea erabaki dute, herritarrei informazioaren gizartean tresna erabilgarri bat kenduz". Gainera, ohartarazi duenez, "gauden komunikazioaren gizartean, ikus-entzunezkoen gizartean eta egunean ia bost orduko telebistarekin, ez da hura kontrolatuko duen inor egongo".
Botoaren azalpena
Joseba Diez EAJko legebiltzarkideak azaldu duenez, gaur egun Euskadin komunikabideak kontrolatzeko foroak badaude, eta kontseilu hori sortzeak aurrekontu "oso garrantzitsua" bideratuko lukeela uste du eta "arretaz aztertu beharrekoa" dela nabarmendu.
Azaldu duenez, Jaurlaritzak bezala, EAJk ere ez du kontseilua "beharrezkotzat" jotzen, eta "zuhurtzia" eskatu du, ikus-entzunezkoen sektorea "etengabe eraldatzen" ari delako. "Ikus-entzunezkoak arautzeko kontseilu bat sortzea beharrezkoa dela uste badugu, sektorea egonkor dagoen une batean izan behar da", defendatu du.
Miren Gallastegi PSE-EEko legebiltzarkidearen ustez, EH Bilduren lege-proposamena "ez dago behar bezala formulatuta, ez legegintza-teknikaren ikuspegitik, ezta ikuspuntu juridiko materialetik ere", eta proposamen horretan planteatutako gaiak "existitzen diren eta behar bezala funtzionatzen duten beste organo eta foro batzuek bideratu eta kudeatzen dituzte" dagoeneko.
Luis Gordillo PP+Cs alderdiko legebiltzarkideak azaldu duenez, "formazko eta sakoneko" arrazoiengatik eman dute kontrako botoa; izan ere, uste du proposamen horrek legegintza-teknika "oso eskasa" duela eta zehapen-araubidea "ez dela konstituzionala". Era berean bere ustez "proposamena bera ez da serioa", organo horrek "azkenean, Euskadin helbideratuta dauden hedabideei lehiakortasuna kenduko" diela eta diru-laguntzen menpe egotera bultzatuko dituela uste baitu.
Aurkako txandan, Kontseilua sortzea errefusatu du Amaia Martinez Vox alderdiko legebiltzarkideak, "Estatuaren gastua handitzeko txiringito berriak" sortzea dela uste baitu, "herritarren ahalegin fiskalaren kontura, lagunentzako enplegu-agentzia berriak sortze aldera".