Politika -
EAE-ko aurrekontuak
Jaurlaritzak eta EH Bilduk akordioa itxi dute aurrekontuen inguruan, eta koalizioa abstenitu egingo da
Bi aldeek ohar batean azaldu dutenez, azken egunetako negoziazioaren ondoren, 253 milioi euroko neurriak eta EH Bilduk proposatutako sei neurri politikoetatik hiru onartu dira.
EiTB Media
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak akordioa sinatu dute 2022ko Euskadiko aurrekontuak onartzeko orduan Legebiltzarraren gehiengoa handitzeko. Bertan, abenduaren 23ko bozketan abstentzioaren alde egitea aurreikusi dute, EITB Mediak jakin duenez.
Azken egunetako negoziazioaren ondoren, 253 milioi euroko ekarpena eskatuko duten neurriak eta EH Bilduk proposatutako sei neurri politikoetatik hiru onartu dira; I+G+Bri buruzko akordio politikoa 77 milioi eurokoa da.
Bi negoziazio-taldeak "buru-belarri aritu dira lanean" azken asteotan, "euskal gizartean eragin positiboa izango duen akordio bat lortzeko", hainbat esparrutan "akordio zabalak behar diren une honetan, eta, horrela, herritarren benetako beharrei ematen zaien erantzuna hobetuko da", horien hitzetan.
Konpromiso politikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak, enpleguko eta elkarrizketa sozialeko esparru guztietan, hitzarmen kolektiboetan langile arteko gutxieneko soldata bat defendatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko errentarekiko proportzionala izango dena.
Etxebizitza arloan, Zerga Koordinaziorako Organoaren esparruan alokairuko prezioei eusteko balizko zerga-neurriei buruzko txosten bat egiteko konpromisoari kalterik egin gabe, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du alokairu pribatuaren prezioak arautzeari buruzko etorkizuneko estatu-araudiak aukera ematen duenean alokairu pribatuaren prezioak kontrolatzeko sistema bat abian jartzeko, Eusko Legebiltzarrak horri buruz hartutako erabakiekin bat etorriz, eta EH Bildu legebiltzar-taldeari arlo horretan har daitezkeen erabakien berri emango dio aldez aurretik.
I+G+B alorrean, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du aurrekontuetan politika publiko horietara bideratutako ehunekoari eusteko eta % 12 handitzeko (2022ko ekitaldian, % 10) legegintzaldiaren gainerako zatian, gomendatutako BPGaren % 3 ahalik eta lasterren lortzeko (saiakera bidez hurrengo legegintzaldia amaitu baino lehen –2028–).
Jaurlaritzaren gobernu programan urtean % 6 igotzeko konpromisoa dago jasota, eta akordio horrekin % 12ra iritsiko da, hau da, 77 milioi euroraino iritsiko da.
I+G+B esparruan egingo duten inbertsioa ere handituko dute, eta, Jaurlaritzaren konpromisoa eta akordio honen emaitzak batuta, guztira 149,5 milioi euro bideratuko dituzte horretara.
Konpromiso ekonomikoei dagokienez, Jaurlaritzak konpromisoa hartu du 30 milioi euro gehiago inbertitzeko Osakidetzan, 2022ko ekitaldian eta hurrengoetan Lehen Mailako Arretako Estrategia ezartzen jarraitzeko, aurrez aurreko kontsultak bermatzeko behar diren antolamendu-aldaketak eginez.
Larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurrien artean, 2021eko azken hiruhilekoan Euskadiko toki-erakundeentzako Jasangarritasun Energetikoaren Funtsa aktibatuko dute 90 milioi eurorekin. Gainera, deialdia handituko da etorkizuneko ekitaldietarako 10 milioi euro gehiago bideratuta.
Bestalde, gizarte-larrialdietarako laguntzetara bideratutako aurrekontu-zuzkidura 4 milioi euro handitzea adostu dute, elektrizitate-, gas- edo etxeko erabilerarako beste erregai-hornidura mota baten ondoriozko energia-gastuetarako urteko gehieneko zenbatekoa handituz.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura ezartzeko konpromisoa hartu du (10 milioi 2022an eta 10 milioi 2023an), kolektiboen gizarte-bazterkeria eta gizarte-inklusioa lortzeko proiektuak bultzatzeko.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak 2 milioi euro gehiago bideratuko ditu gazte-politikak indartzeko jarduera-ildoak bultzatzeko, batez ere gazteen emantzipazioarekin zerikusia dutenak, eta udalentzako laguntzen ildoa, aurrekontu orokorretan jasota dauden tokiko gazteen emantzipazioko diagnostikoak eta planak egin ditzaten.