Politika -

Agiria

Presoen harrerak modu "pribatuan" egiteko nahia erakutsi du EPPK-k, biktimei minik ez eragiteko

ETAren biktimak ekitaldi publikoekin "saminduta" sentitu ahal direla aitortu du EPPKk agiri batean. Horregatik, harrerak esparru "pribatuan eta diskretuan" bakarrik egiteko nahia adierazi dute. 

Iruñeko kartzelaren kanpoaldean presoen alde egindako ekitaldi bat. Artxiboko argazkia: EFE
Iruñeko kartzelaren kanpoaldean presoen alde egindako ekitaldi bat. Artxiboko argazkia: EFE
Iruñeko kartzelaren kanpoaldean presoen alde egindako ekitaldi bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENtziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presoei espetxetik ateratzean egiten zaizkien harrera ekitaldiak modu "pribatuan eta diskretuan" burutzeko borondatea erakutsi du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK), "azken hilabeteetan bide horretatik" ari direla gogoratuz.

Berria eta Naiz komunikabideetara bidalitako agiri batean, EPPK-k dio badirela harrera ekitaldi horiengatik "samina sentitu dutela zintzoki azaldu duten pertsonak", eta erantsi min hori ulertzen dutela: "Gure iraganeko militantzian egindako ekintzen ondorioz kaltetutako pertsonak dira eta minduta sentitu daitezkeela ulertzen dugu".

Gauzak horrela, "aurrerantzean, harrerak hurkoen artean eta esparru pribatuan" jaso nahi dituztela azpimarratu dute.

Urtez luzez eta baldintza gogorretan espetxean egon ostean, presoek beren senide eta lagunen besarkada jasotzeko eskubidea dutela nabarmendu dute, baina, aldi berean, aitortu dute ekitaldi publikoek biktimei samina eragin diezaieketela.

"Argi adierazi nahi dugu mina hori arintzen lagundu nahi dugula, aukera berriak sortuz, zauriak ixten hasteko eta euskal jendartean bizikidetza sendotzeko", aipatzen dute agirian.

Testuinguru horretan, presoen artean hausnarketa egin dutela eta harrera ekitaldiak modu pribatuan eta diskretuan egitea beharrezkoa dela ondorioztatu dutela adierazi dute.

Erabaki hori euskal presoek "bizikidetzari, bakeari" eta eurena eta euren senideena "ez ezik besteen sufrimendua ere aitortzeari" egiten dioten "ekarpen indibidual eta kolektiboa" dela ziurtatu dute.

Bestalde, ongietorrien gaia "hainbat alderdik eta eragilek" konfrontazio politikoa bilatzeko baliatu dutela salatu dute eta arduragabekeriaz aritzea leporatu die. "Guk ez dugu polemika antzurik elikatuko; guk arduraz eta modu eraikitzailean jokatuko dugu", agindu dute.  

"Ez gara hasitako bidetik aldenduko; jarrera ezkorretan eroso sentitzen direnen aitzakiak agerian geratzen ari dira euskal jendartearen aurrean", erantsi dute.

Amaitzeko, gogora ekarri dute ETAk duela 10 urte amaitu zuela betirako bere jarduera armatua eta kritikatu dute sektore batzuetatik "bakea oztopatzen" eta "harrezkero eman diren pauso guztiak saboteatzen" saiatu direla, "mendua bilatuz, gatazka desitxuratzeko kontakizun faltsua inposatzeko borondatearekin eta irabazleen eta galtzaileen kontakizuna elikatuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Espetxeak